«Euskal Herriak, Euskaditik askatuta, bere ahalmena berreskuratuko luke»
Idazlea
«Musu truk» saiakera kaleratu berri du Galo Martinez de la Pera idazle arabarrak eta negoziaketa politikoetan sakondu du azken lanean. Euskal herritarrak dira, bere iritziz, euskal gatazkaren protagonista izan behar dutenak eta nazioa eta estatua alde banatara bereizi behar dutenak, ondoren euskaldunen komunitatea eraikitzeko.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
«Balizko negoziazioa ETAren eta euskaldunon artean». Nola ikusten duzu hartu-eman hori?
ETAren azkeneko komunikatuan Gauekok dio: «ETAren atzoko (negoziatzeko) borondatea da gaurkoa. Aitzitik Espainiako agintarien borondatea ez da inondik ageri». Eta ez da inoiz ageriko, gaineratzen dugu, neoliberalismo sionistaren estrategiaren oinarria «terroristekin» ez negoziatzea delako. Errendizioa baino ez dute onartuko. ETAk armak utzi nahi ditu baina ez du negoziatzeko biderik aurkitzen. Borroka armatua baztertu nahian baina ezinean. Zer egin? Une horretan euskaldunok agertzen gara presoen kriseilua -borrokaren lekukoa- jasotzeko prest, gure nazioa defendatzeko prest. Euskaldunon komunitatea gara, gure nazioaren muina eta oinarria. «Ahaztu ote duzue?», esango diegu, «zuen borrokaren helburua euskaldunon komunitatea bizirik iraunaraztea zela? Ba, hemen gaude, borrokaren lekukoa hartzeko prest». Hori da, hain zuzen, liburu honetan proposatzen dena.
Eta politikariak ez al dira negoziaketarako pieza egokiak?
Politikariek ere bere lekua izango dute negoziazio horretan, bi negoziazio mahaiekin. Bat nazioaren eremuan, bestea Estatuarenean. Lehenengo mahaian, euskaldunok, armak indargabetuz, presoen kriseilua jasoko genuke. Bigarrenean, berriz, balizko polo soberanistak aginte politikoa -ETAk gaur duen aginte politikoa- eskuratuko luke. Zein da, halere, negoziazioren gakoa? Presoen kriseilua, hain zuzen. Izan ere, presoen kriseilua gure nazioaren alde egindako borrokaren sinboloa da. Hau da, aberriaren eta iraultzaren aldeko borrokaren sinboloa. Eta sinbolo hori, nazioari dagokionez, euskaldunon komunitateak baino ezin du jaso. Presoen kriseilua -borrokaren lekukoa- jasotzerakoan armak indargabetuko ditugu, euskaldunon komunitateak bultzatutako borroka armarik gabekoa izango da eta.
Anoetan Otegik aurkeztutako eskemaren antza du. Zein da ezberdintasuna?
Negoziazio hau etxekoen artean da. Hori da lehenengo ezberdintasuna. Gure herriaren etsaiei aurre egiteko, aurretik gure etxea sendotu eta indartu behar dugu. Hori egin ondoren Espainia eta Frantziarekin negoziatzeko aukera gehiago izango dugu, baita borrokatzeko ere. Bigarren ezberdintasuna sakonagoa da. Izan ere, gure proposamenak ideologia nazionalista deskorapilatzea ekartzen du. Labur esanda, nazionalismoan nazioa eta estatua erabat lotuta daude. «Nazio bat, estatu bat» da nazionalismoaren dogma nagusia. Guk proposatzen dugun bidean nazioa eta estatua banatzen dira. Hau da, Euskal Herria (nazioa) Euskaditik (nazio-estatua) askatzen da eta bere autonomia eskuratzen du. Dibortzio horren ondorio nagusia euskaldunon komunitatea eraikitzea izango da. Beno, nik orainaldia erabiltzen dut, baina proposatzen duguna balizkoa da. Euskaldunon eskuetan dago balizkoa erreal bihurtzea.
Euskaldunon komunitatea behin eta berriro aipatzen duzu. Gizartea komunitate desberdinetan sailkatu duzu nolabait ere.
Bai, halaxe da. Gizartea bi komunitate motak osatzen dute: bata, nazioarena; bestea, estatuarena. Nork bere ezaugarriak ditu, liburuan agertzen denez. Biak beharrezkoak dira giza komunitatea osatzeko. Nazio-estatuan, hau da, kapitalismoak sortutako Estatuan, nazioa Estatuarekin nahasten da eta nahaste horretan nazioaren (herriaren) ahalmena kateatzen eta menperatzen da. Bestela esanda, guk proposatzen dugunaren bidez, kapitalismoak sortutako nazionalismoa gaindituz, Euskal Herriak, Euskaditik askatuta, bere ahalmena berreskuratuko luke.
Liburuan hitzarmenaren jaia da protagonista.
Burugabekeria dirudien arren, halaxe da. «Jai hori eginez gero, politikaren korapiloa -ETAren korapiloa barne- askatu eta euskaldunon komunitatea eraikiko genuke», aldarrikatzen da liburu honetan. Liburuaren protagonista euskaldunon komunitatea da, jakina, baina hitzarmenaren jaia da euskaldunon komunitatea eraikitzeko bidea. Izan ere, nazionalismoak itsututa ezin dugu ikusi euskaldunon komunitatea. Nafarroako erreinu miragarriak ikusteko gai gara, baina euskaldunon komunitateari ezin diogu antzeman. Ikusgarri bihurtzeko ekintza hitzarmenaren jaia da. Horregatik, jai hori negoziazio prozesua martxan jartzeko pizgarria da. Horregatik, liburu honek airean uzten du galdera hau: eta jai hori egingo bagenu?