KARAKORUM Zortzimilakoa
Elisabeth Revol, grinatsua eta ausarta
Alpinista frantziarrak saio ederra egin du Broad Peak mendian. Ludovic Giambasirekin batera ia 2.000 metroko bide berria zabaldu du. Orain, ipar aurpegian beste marra berri bat sinatu nahi du.
Andoni ARABAOLAZA
Montzoia ate joka dabilen honetan, Himalaiako zortzimilako ia guztiak bakarrik daude; hots, haien magaletan apenas dagoen mendizalerik. Horrek Nepal zein Tibeteko erraldoiek Karakorumeko beraien kideei lekukoa pasa dietela esan nahi du. Denboraldia hastear dago; hori jakina da. Baina, «ezustekoa» bada ere, badira hango eskalada sasoia hasi dutenak ere. Horren guztiaren berri iritsi zaigu Broad Peak mendetik.
Zortzimilako horretan espedizio frantses grinatsu eta ausarta aurkitu dugu. Protagonistak, honakoak: Antoine Girard, Ludovic Giambasi eta Elisabeth Revol. Azken honen izena irakurleari ezaguna egingo zaio segur aski. Neska honek iaz egin zuen bere lehen urratsa zortzimilakoetan; hain zuzen ere, Karakorumen. Hamasei egunen buruan, G1, G2 eta Broad Peak igo zituen; ohiko bideetatik eta era alpinoan. Orain dela gutxi, berriz, Annapurnaren eki tontorra igo zuen. Berriro ere estilo arinean. Oso tarte gutxian, beraz, lau zortzimilako. Ia atsedenik hartu gabe, Annapurnatik Broad Peakera abiatu da, baina oraingoan bide berriak zabaltzeko asmoarekin.
Eta bere lehen hartu-emanean, Revol eta Giambasik marra berria sortu dute; berriro ere, alpetar estiloan. Hori bai, sokadak ez zuen gailurrik erdietsi. Mendizale batzuk diotenez, gailurrik lortu ezean ez dago bide berririk; eztabaidak ez du inoiz atsedenik hartzen.
Girora egokitu ondoren, Giambasi eta Revol bide normaletik gertu dagoen marra berri batean sartu ziren. «Glaziarra zeharkatu ondoren, 4.700 metrora, eskalatzen hasi ginen. Korridore batean sartu ginen, eta, hau gainditu ostean, ertz batetik jarraitu genuen. Harkaitzean, tarte tekniko bat (M5+) gainditu eta, ondoren, beste tarte misto bat eskalatu behar izan genuen. Oso korridore interesgarria zen; 45 eta 75 gradu arteko aldatsak zituen».
Tontorrik ez
Lehen bibaka iritsi zitzaien. Ez zen batere atsegina izan; izan ere, gaua ia zintzilik pasa behar izan zuten (hiru puntuko bilera antolatu zuten). Biharamunean, «gosari» modura, korridore bat eta beste tarte misto bat zituzten aurretik.
Izotzean, harkaitzean eta elurrean eskalatu ondoren, sokada frantsesa beste ertz batera heldu zen. «Zati arriskutsu batzuk igaro ondoren, ertz oso estetiko batean sartu ginen. Aitortu behar dugu amildegi baten aurrean geundela, eta, gainera, erlaitzez josia zegoen. 6.500-6.700 metrora geunden. Ertzetik ondo gindoazen, baina, zoritxarrez, gainditzeko aukerarik izan ez genuen tarte batekin egin genuen topo. Broad Peakeko plateau-ra iristeko eta handik gailurrera jotzeko bide bakarra zen. Ez genuen beste alternatibarik eta bigarren bibaka egin genuen. Lau izarretako bibaka izan zen: tontorretik gertu eta K2, G4... mendiak gure aurrean genituen! Eguna esnatu eta buelta erdia eman genuen».
Jarduera berri hau egin ahal izateko, Revol eta Giambasik estilo alpinoa aukera zuten. Haatik, bizkar-zakua bete-betea zuten, 25 kilokoa: 60 metroko soka (rapelatzeko 30eko beste bat), bi piolet, bost iltze, hiru friend, hiru izotz-torloju, kordinoak...
Ekainaren lehen egunean kanpaleku nagusian ziren. Bi frantsesak gustura zeuden eginiko lanarekin. «Bidea ez da batere erraza. Zailtasunari dagokionez, TD+ jarri diogu. Zailtasunean jarraia da eta gainera hainbat puntutan nahiko arriskutsua. Guztira, 1.800-2.000 metroko marra berria da. Oro har, bide bikaina da. Gustura gaude erabilitako estiloarekin eta eskaladan zehar aurkitu ditugun oztopoekin. Arroka, mistoa, izotza, elurra... eremu horietan guztietan eskalatu dugu. Bizkar-zakuak pisu handia zuen, baina, girora egokitzeko bigarren fasea zenez, uste dugu ondo moldatu garela. Azkenean, gailurrak ihes egin digu. Izan ere, goi alde horretan oso baldintza kaskarrak izan ditugu. Eta, gainera, ez genuen ezer ikusten, behe laino itxi-itxia baikenuen».
Protagonistek aurreratu dutenez, aklimatatzeko bigarren «fasea» izan zen. Orain, berriz, beste erronka batean murgilduta daude. Antoine Girardekin batera, Broad Peakeko ipar isurialdean jardungo dute; orain arte ukitu gabeko alderdi batean. Revolek argi du: zortzimilakoak biltzeaz gain, alpinismoan gauza bikainak ere egin daitezke.
Dagoeneko lau zortzimilako igo ditu; guztiak era alpinoan. Berriro Broad Peak mendira itzuli, eta Ludovic Giambasirekin batera bide berria zabaldu du
Marra berria sortzeko, alpinista frantsesek bi eguneko eskalada egin behar izan zuten. Ia 2.000 metroko bidea da (TD+), zailtasunean jarraia eta zati batzuetan nahiko arriskutsua