Aizkora Urrezko Txapelketa
Floren Nazabalek bere agintearekin jarraituko du
Anjel Arrospide azkeneko lanean aitzinetik sartu zen, baina Etxarrikoak iraupen proban bi minutuko tartea kendu zion eta txapela jantzi zuen.
Jon LEUNDA | AZPEITIA
Ez zen ezusterik izan, eta Floren Nazabalek eraman zuen Urrezko Aizkorako txapela. Etxarrikoa zen txapelduna, baita faboritoa ere, eta, larunbat gaueko probaren ostean, txapelak zegoen lekuan jarraituko du.
400 ikusle inguru batu ziren Izarraitz pilotalekuan finala ikustera. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu erabakitzeko neurtu ziren bi aizkolariak. Ondoren, erlojuz kontra neurtu ziren tamaina bereko enborrarekin. Jarraian, kana-erdiko bat zutik eta bestea etzanda ebaki zituzten. Laugarren lanean, 60 ontzako enborra izan zuten. Ondoren, tamaina bereko enborra, baina oraingoan zutik jarrita. Azkenik, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituzten.
Kolpekakoan, Arrospidek eraman zuen garaipena; 28tan erdibitu zuen 45 ontzakoa, eta baten aldea kendu zion Etxarrikoari. Erlojuz kontrakoan, ordea, nafarrak horri buelta eman zion, 38 segundotan bota baitzuen enborra eta bi segundoko tartea kendu baitzion Arrospideri.
Hirugarren lanean, berriro ere Nazabal nagusitu zen. Bi kana-erdiko zituzten aurrez aurre, bat zutik jarrita eta bestea etzanda. 1.42 izan zen txapeldunak egindako denbora eta beste bi segundo gehiago sartu zizkion Arrospideri.
Hurrengo bi lanetan enbor handiak ebaki behar izan zituzten. Hasteko, 60 ontzakoa etzanda, eta hor ere Nazabal izan zen bi aizkolarietan onena. 1.44 izan zen Etxarrikoaren denbora, eta bost segundo atera zizkion Leaburukoari.
Azkenaurreko lanean tamaina bereko enborra zuten, baina oraingoan zutik jarrita zuten. Enborrak erdibana eramaten dituztenez, gipuzkoarrari egokitu zitzaion honako hau eramatea, eta ederki baliatu zuen, aldea lortu baitzuen. Anjelek 2 minutu eta 55 segundotan bota zuen aipaturiko egurra, eta 17 segundoko tartea kendu zion nafarrari. Alde horri esker, azken lanean aurretik zela sartu ahal izan zen Arrospide.
Gipuzkoarrak aurretik esana zuen minutu erdiko abantaila beharko zuela azken lanean, bestela zaila izango zuela, eta horrela izan zen, amaierako lanean Nazabalek bi minutu pasako aldea kendu baitzion Leaburukoari, bide batez txapela segurtatuz. Iraupen proban 14.40ko denbora egin zuen Nazabalek eta 16.50ekoa Arrospidek.
Lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 25 segundo behar izan zituen Nazabal txapeldunak, eta 24 minutu eta 28 segundo, berriz, Arrospidek.
Erasun garaile gazteen artean
19 urtez azpiko finala ere jokatu zen, eta hor ere faboritoak ez zuen hutsik egin, Erasunek irabazi baitzuen. 18.05 izan zen bere denbora, eta 19.36, berriz, Saralegirena. Erasunek 23 urtez azpiko finala ere jokatu beharko du orain Atutxaren aurka.
Anjel Arrospidek bazuen itxaropenik zutikako enborrekin, eta ez zuen hutsik egin, 60 ontzakoarekin tarte nabarmena kendu baitzion Etxarrikoari, nahiz eta ez zion irabazteko balio izan.
Saioa hasi aurretik denek garbi zuten azkeneko probak, iraupeneko saioak alegia, erabakiko zuela finala eta horrelaxe izan zen. Hor Nazabalek ez zuen barkatu, eta berriro ere txapela lortu zuen.