Ibilbide artistikoa Angeluko kostaldean Biurtekoari esker
Angeluko Arte Garaikidearen Biurtekoak eskulturekin jantzi du kostaldea hirugarren aldiz. Euskal Herriko eta kanpoko hamar artistek inguru berezi horretarako espresuki sortutako beste hainbeste artelanek dekoratuko dute hondartzen pasealekua uztailaren 31ra arte.Idoia ERASO | ANGELU
Ez da agindurik ezta argibiderik ere; itsasoa eta lurra elkartzen dituen hondartzaren inguruan ibilaldia egiterakoan herritarrek aurkitzen dituzten artelanekin gozatu eta gogoeta egitea da erakusketaren xede bakarra. «Ezagun egiten hasi diren hamar artistei toki zehatz honi bereziki egokitutako lan bana egitea eskatu diegu, besterik ez», azaldu zuen erakusketako komisario Dider Arnaudetek.
Bidasoaren bi aldetako artistek aurkitu dute beren sormenari leku egiteko txokoa olatuen ondoan. Juan Azpitartek Donostiako belle epoque garaiaren erakusgarri handienetakoa den Kontxako baranda erabili du bere lanaren oinarri gisa. «Segurtasunerako sortua izan zen hiriko elementu bat ekarri du artistak belarraren erdian kokatzeko; udan eremu hori basati bilakatuko da lorazainak ezingo direlako barnera sartu. Hiritartasunaren sinboloak gune basati bat sortuko du bere baitan». Hitz horiekin, Arnaudetek artearen irakurketen aniztasunaren berri eman zuen.
Soinua eta eskultura
Julien Previeuxek ere europar kostaldearen historia izan du ardatz bere obraren sorkuntzan. Biurtekoaren komisarioaren esanetan, «proposamen originala ekarri du». «Le théâtre clandestin» lanak radarraren sorkuntzaren aurretik hegazkinen etorrerak aurreikusteko sortu ziren soinu anplifikadoreak erreproduzitzen ditu. Hormigoizko bi pareta bata bestearen parean ezarrita soinu anplifikazio handia eragiten du; hala, distantzia handira dauden bi pertsonek, elkarren ondoan baleude bezala entzun dezakete elkar.
Arno Fabrek, bere aldetik, gizakiak ingurumenarekin duen harremanari buruzko galdera bat proposatzen du. «Ne surtout pas l'ignorer» lanaren bitartez, estetika hutsetik harago joaten da Fabre. Iragarki-taula batean, publizitatea beharrean, ingurumenarekin lotutako legeak ezarri ditu. Horrela, publizitatearen eremua gainditu nahi izan du herritarrei gizarte arazo baten berri emateko.
Wilfrid Almendraren «The Last Evidence» lanak, berriz, landareak eta harriak, ordena eta fantasia, bistakoa eta ustekabekoa, nahasten ditu.
Herodotoren istorioetan oinarrituta, mareak eramandakoarekin oroitzen da David Boeno bere lanean. Stephanie Cherpinek kaosari zentzua eman eta obra guztiaren osotasuna bilatu nahi du «Where did you sleep last night?» lanaren bitartez.
Michel Herreriak «Silice d'Anglet» izena duen kubo bat aurkezten du geometria birbisitatuz. Laurent Le Deunffek, aldiz, koltxoien irudia baliatuta, familiartasuna eta ezustekoa uztartzea du helburu. Manu Muniategiandikoetxeak «Variation verticale, R nº 29» sortu du Rodchenkoren lanari omenaldia eginez. Azkenik, Aurelie Sloninaren lanak kostaldearen «Itsas freskotasuna» ekartzen du gogora usain-kengarri handi baten irudiarekin.