Beñat Olano eta Ander Solozabal, Arabako eskolarteko txapeldunak
GARA | GASTEIZ
Arabako eskolarteko txapelketako finala jokatu zen larunbatean Gasteizko Armentia Ikastolan. 14 urtez azpikoetan, Beñat Olano izan zen garaile eta 14 urtetik 18 urtera bitarteko onena, berriz, Ander Solozabal izan zen.
Idatzizko lana izan zen lehendabizi egin beharrekoa eta bertan maila bakoitzean txapelduna nor zen erabaki zuten. Lehen Hezkuntzan Maialen Fernandez, DBHko lehen zikloan Jone Otxoa eta 14 urtetik 18 urtera bitartekoetan Amaia Lasaga izan ziren sarituak.
Txikienak jaun eta jabe
Bat-bateko finalen txanda heldu zen ondoren. Lehenbizi, 14 urtez azpiko finalistak igo ziren oholtza gainera: Ane Olano, Maddalen Arrausi, Beñat Olano, Bingen Sainz, Jon Unai Aspe, Unai Gondra, Antton Carretero eta Peru Abarrategi. Bigarren fasera Aspe, Olano, Sainz eta Abarrategi sailkatu ziren, eta txikienek ustekabeko izugarria eman zuten. Izan ere, lehen bi postuak lortu zituztenek, Olanok eta Abarrategik, 11 urte besterik ez dituzte.
14 urtetik 18 urtera bitarteko gazteetan sei finalista izan ziren oholtza gainean: Elyem Chej, Estitxu Sarato, Ander Solozabal, Ainhoa Comas, Maria Izaga eta Xabi Igoa. Azkenean, bigarrengoz, Solozabalek lortu zuen Arabako eskolarteko txapela.