GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Editoreek erronka digitalari aurre egin eta sektorea berrantolatu beharra dagoela aitortu dute

Liburu tradizionalak eta digitalak elkarrekin bizitzeko aukera badutela ondorioztatu dute Madrilgo Liburu Digitalaren Jardunaldietan. Halere, beldurrik ere bada: egileen eskubideak arriskuan daudela adierazi dute.

GARA | MADRIL

Hurrengo larunbatean amaituko den Madrilgo Liburu Azokan, liburu digitalak ez dira erakustokietan lekurik izaten ari, bai ordea bertaratuen ahoetan. Izan ere, euskarri berri horri buruzko jardunaldiak egin dituzte ikusmin handia eraginez. Eztabaidagai izan dituzten gaien artean, egileen eskubideena nabarmendu da.

Horren harira, Antonio Maria Avila Estatu espainoleko Editoreen Federazioko zuzendariak administrazio publikoak «pirata handienak» direla adierazi du jardunaldietan, «ez dutelako jabetza intelektuala errespetatzen». Bere esanetan jabetza intelektuala industria editorialaren oinarria da, baina «teknologia berriei ere zuzenduta dago».

«Egileak eta euren eskubideak, liburu digitalen aurrean» izeneko mahai-inguruan, bestalde, Care Santos idazle eta kritiko literarioak parte hartu zuen. Adierazi zuenez, sareak aukera ugari ematen ditu, «baina mundu digital honetan autoreen eskubideak defendatuko dituenik ere behar da».

Liburu Digitalaren Jardunaldietan, mezu garbia helarazi dute: editoreek erronka horri aurre egin eta sektorea berrantolatu beharko dute. Lorenzo Silva idazleak, esaterako, honakoa adierazi du: «Editoreek, banatzaileek eta liburu-saltzaileek esku-hartu eta sektorea berrantolatu beharko dute, euskarri digitala errealitate bat baita».

Azkenik, gogoratu nahi izan dutenez, XV. mendean bizi izan zen gatazkak zerikusi handia du gaur egun bor-bor dagoenarekin. Francisco Peña Alcala de Henareseko Unibertsitateko irakasleak adierazi duenez, «inprentak kulturaren demokratizazioan eragin handia izan zuen» eta, orain, «liburu digitalak aire berrien eta ikuspegi berrien ezarpena du oinarrian». Horregatik, liburuaren munduak inongo errealitate teknologikori bizkarrik ematen ez diola argi utzi nahi izan dute. Azpimarratu dutenez, gainera, sektore editorialak «erronkak ditu aurrean eta ez mehatxuak».

ERRONKA UGARI

Industria editorialaren fakturazioaren %10,5 papera ez den beste formatu batean egiten dela eta Editoreen Federazioko 200 enpresek on line egiten dutela lan adierazi dute jardunaldietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo