GARA > Idatzia > Iritzia > Zirikazan

Josebe EGIA

Behatuz gero...

 

Ez dago inguruan gertatzen dena behatzea bezalakorik, inguru hurbilenean zein jendartean. Pertsonen ideiak, jarrerak eta ondoriozko jokabideak, horien guztien nahaste eta sareak sortzen dituzten balio, ekintza eta harremanak. Eta, batik bat, horien guztien aurrean nola moldatzen garen batzuk eta beste batzuk.

Are liluragarriagoa hori guztia aldaketak emango direnean behatzea; aldaketok garrantzitsuak, funtsezkoak eta eraldatzaileak izango direnean, askorengan beldurra eta alarma eta beste batzuengan justizia-sentsazioa eta poza sortzen duten horietakoak, alegia.

Hori guztiari emakumeen askatasunaren eta burujabetzaren bidean aurrera egitea ahalbidetuko duten aldaketak izango direla gehituz gero, behaketa-prozesua ezin interesgarriagoa bilakatuko da.

Oso arrazoi sinplea dela medio: erreakzioak. Sutsuak eta moralari hertsiki lotuak, eta nire uste apalean, mila aitzakiarekin mozorrotuko badituzte ere, emakumeen eskubideen eta inolako interferentziarik gabeko garapenaren murriztaile eta zentsoreak. Eta beti, salbuespenik gabe, berehalakoak.

Ikusgarria egiten zait, esaterako, Abortuaren Legearen erreforman jasotako puntu batek sortu duen iskanbila, zehazki 16 urtetik gorako neska gazteek ez dutela euren gurasoen baimenik beharko abortatu ahal izateko.

Hautsak harrotu eta denetarik entzuten ari gara: adin horrekin ez direla halako zerbait erabakitzeko nahikoa helduak -baina bai ama izateko?-, nola den posible alkohola edateko 18 urte eduki behar izatea eta ez, ordea, haurdunaldia eteteko, nola litekeen alaba gizajoak bakarrik aurre egin behar izatea halako egoera traumatikoari -ez dut uste gurasoen baimena behar ez izateak ezinbestean gurasoak kanpoan uztea esan nahi duenik ez eta lagunak, konfiantzako beste heldu batzuk... ondoan ez edukitzea ere-, besteak beste.

Eta hori guztia, 2002tik osasun adin-nagusitasuna 16 urterekin onartuta dagoenean, hau da, edozein ebakuntza kirurgiko -dela osasunagatik, dela estetikagatik- egin diezaioten baimena emateko ahalmena, inoren iritziaren mende egon gabe.

Beraz, erreakzioon oinarria ez dela adin kontua nahiko nabaria da. Horren azpian bestelako arrazoiak eta motibazioak daudela ez daukat zalantzarik, abortuaren gaia ukitzean hainbestetan erakutsiak. Eta, finean, erakusten dutena zera da, emakumea bere erabaki propioak hartzeko gaitasunik eta eskubiderik gabeko subjektua delako ikuspegia, amatasunari dagokionez bereziki; egungo gizartea eta berau osatzen duten pertsonen gehiengoak sentitzen eta pentsatzen duenaren inguruko ezagutza eza, eta ezagutza eza ez bada, erabateko aintzat hartze eza, askoz larriagoa dena; azkenik, eta pertsonalki amorru handiena eragiten didana, gizartearen gehiengoa ezta urrunetik ere ordezkatzen ez duen erakunde erlijioso boteretsuarekin batera, ustezko jokabide onak eta bizi-eredu bakar eta egokia inposatzearen aldeko grina.

Bai ala bai.

Erreakzioak behatzea liluragarria egiten bazait ere, are gehiago txunditzen nau jende berak jendartea gogorki kolpatzen duten beste gai batzuen inguruan azaltzen duen erreakzio ezak, hau da, isiltasun irmoak.

Bai ala bai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo