GARA > Idatzia > > Kultura

Literaturia, idazleak eta irakurleak elkartzeko espazioa

Irakurleek eta idazleek asko eskertu dute elkarrekiko harremana sustatzeko Literaturiak sortu duten espazioa. Literatur Eskolako kideak, arrakastak bultzatuta, hurrengo urtean errepikatzekotan dira.

p058_f02_99077.jpg

Xole ARAMENDI | LARRABETZU

«Idazle batek esan dit beretzat luxua dela horrelako giroan egotea: irakurleekin berba egin, elkarrekin bazkaldu... Izan dugun hurbiltasuna luxua dela aipatu dit», adierazi du Gotzon Barandiaran Literatur Eskolako kideak. Elkarrekin hitz-aspertuan egotea ahalbidetzen duen espazioa sortu izana asko eskertu dute azokara hurbildu direnek. Atzo eguerdian, esaterako, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Jurgi Kintana, Martin Etxeberria, Mikel Peruarena eta Garbiñe Ubeda idazleak izan zituzten aurrez aurre literaturzaleek, euren liburu berrienak aurkezten. Hain berriak, Jimenezena esaterako oraindik ez dela inprentatik atera. Beraz, libururik gabe egin zuen aurkezpena. Datozen egunotan Txalapartak emango du argitara mundakarrak sinatu duen «Euskarazko poesia erotikoaren antologia».

Izan da idazleen gogoetak bertatik bertara entzun eta bi pausotara zeuden standetara liburua erostera jo duenik ere. «Idazle batzuk ez dituzte deitzen irakurle klubetara. Liburuen zabalpen oso murritza dute: prentsaurreko bat egin eta hilabetez liburu-dendetako erakusleihoan egotera mugatzen da hedapena idazle horientzat. Liburua irakurleari aurkezteko aukera dute hemen eta horren arabera irakurleak erabakiko du erosi ala ez», nabarmendu du Barandiaranek.

Eskerrona

Euskal argitaletxeei eskerrona adierazi nahi izan die bere parte hartzeagatik. «Azoka baino gehiago da erakustokia, bisitariak ikus dezan euskarazko literatur produkzioa badagoela».

Beste azoketan alokairua ordaindu behar izaten dute argitaletxeek. Ez da Literaturiaren kasua. «Ezin genien eskatu. Hemendik lauzpabost urtera agian izango da salmenta gunea ere. Erreferentzia izango da argitaletxeentzat urteko kanpaina antolatzerakoan -gaineratu du-. Durangok izan behar du erreferentea, baina urtean zehar egon behar du besterik. Literaturiak lagundu egiten du Durangoko Azoka, euskarazko literatura prestigiatuz Durangoko Azoka ere prestigiatu egiten dugu eta», azaldu zuen.

Jardunaldiek duten jarraipen bokazioaz galdetuta, Barandiaranek argitu du jaso duten iritzia eta eskaera dela «gehiagotan egin behar dela».

Antolatzaileek neurri egokitzat dute lehen edizio honena. «Gure helburua ez da milaka pertsona batzea; ez da gure neurria, ezta euskarazko literaturarena ere. Ez dakit ohituta ez ote gauden dela Durangoko Azokan, dela Ibilaldian, dela Txakolin Azokan milaka pertsona biltzera», esan du.

Euskara hutsezko literatura ardatz hartuta asteburu-pasa ederra egin daitekeela frogatu dute. «Literaturia bezalako jardunaldiak egitea gauza normala izatea lortu nahi dugu, literaturzaleak garenontzat oso interesgarria izan daitekeela erakutsi. Herritarrak oso pozik ibili dira. Gaztetxoengandik hasita denok egin dugu bat auzolanean», nabarmendu du.

Euskarri aniztasuna

Liburutik haratago, literaturak izan ditzakeen euskarri anitzen lekuko izan dira jardunaldiak; hala, esperimentazioari ere leku egin diote. «Literatura eskaintzeko, proposatzeko, konpartitzeko, era bat baino gehiago dago», adierazi du.

Larunbat arratsaldean hainbat idazlek blogarekin izan duten esperientzia azaldu zuten. Liburu elektronikoaren baliagarritasunez eta etorkizunaz ere aritu ziren beste saio batean.

Ondoren Imanol Epelderen «Komunean irakurtzeko poemak» emanaldiak bereganatu zuen bildutakoen arreta eta «Mirande Kabareta» lanak gaztetxea jendez lepo jarri zuen, batzuk kanpoan geratzeraino. Joseba Irazokiren kontzertuan ere jende asko bildu zen.

Gazteei zuzendutako hainbat ekitaldi izan ziren atzo. Goizean bertso literatur tailerra egin zuten eta arratsaldez Anjel Alkain, Itziar Ituño eta Onintza Enbeita euren galderei erantzuteko prest izan zituzten. Bertsogintzaren eta interpretazioaren alorrean literatura nola erabiltzen duten azaldu zieten bildutako gaztetxoei.

Jardunaldiei amaiera emanez, Mikelazulo elkarteak «Ate hautsiak» ikuskizuna eta Kukubiltxok «Hilario Mortimer» lanaren euskarazko estreinaldia eskaini zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo