Parisen «mespretxua» ikusirik, biltzar «mobilizatzailea» deitu du Baterak
Instituzio propioa, Laborantza Ganbera, Unibertsitatea eta euskararen ofizialtasuna dira Bateraren lau eskakizunak. Parisek «ohiko mespretxua» mantentzen duenez, biltzar «mobilizatzailea» deitu dute.
GARA |
Balladur Batzordearen ebazpenek Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberorako «instituzio propioaren eskakizunari erantzunik ez» diotela eman kontuan hartuta eta, «gainera, herritarrak kontsultatu gabe» hartu direla jakinik, biltzar «mobilizatzailea» deitu du Baterak datorren ekainaren 26rako, 20.00etan, Ezpeletarrak aretoan.
Panpi Dirassar plataformako bozeramaileak, joan den larunbatean Ezpeletan egindako biltzarraren ostean, Batera sortzeko arrazoiak indarrean jarraitzen dutela nabarmendu zuen. Hots, Ipar Euskal Herriarekiko Parisek duen «mespretxua» indarrean dago oraindik eta plataformako lau aldarrikapenak -euskararen koofizialtasuna, Laborantza Ganbera, Unibertsitatea eta instituzio propioa- «bizirik» daude.
Jakes Borthairuk gogoratu zuenez, Gobernuak 2009rako hizkuntz gutxiagotuen legea agindu zuen eta, berrikitan, Euskal Konfederaziak zenbait diputaturi legeak bildu beharko lituzkeen minimoak helarazi zizkien. Bateraren eginmoldea «elkarlana» izaki, urriaren 24rako deituriko Deiadar manifestazioarekin bat egin du.
Traben gainetik, «lan asko»
Laborantza arloan, Mixel Berhokoirigoinek urtarrilean izandako auzia ekarri zuen gogora, fiskaltzak jarritako helegitea 2010eko otsailaren 18an izango dela iragarrita. «Auziaren eta traben gainetik, lan asko» egin dela gaineratu zuen, nahiz eta egitura ofiziala lortzeko «mobilizatzen segitu beharko den».
Unibertsitatearen eremua, «erantzunik gabeko» beste eskakizuna, izan zuen hizpide Juliette Bergouygnanek. Unibertsitateaz gain, «mugaz gaindiko polo teknologikoa» sortzeko apustua egin zuen.
Martine Bisauta instituzio propioari buruz aritu zen. Desagertzeko joera duen departamendua bere garaian adostasun minimoa bildu zuen eskaera zela gogoratu zuen, baina hartaz «maiteminduta» ez daudela nabarmendu zuen. Hori bai, Euskal Herrirako erantzun instituzionala «ezinbestekoa» dela gaineratu zuen.