Partidak aurreneko zatian izan duen erritmoa asko nabaritu du Aimarrek
Joxemari ETXENAGUSIA Pilotari ohia
Emaitza ikusita Irujok erraz irabazi duela ematen du, baina aurreneko zatian gauzak oso berdinduta egon dira. Bigarrenean, ordea, Irujo gehiago izan da eta partida oso ongi bideratzen jakin du. Berriz diot aurreneko erdian biek neurketa ona jokatu dutela, erritmo handian jokatutako tantoak ikusi ditugu eta defentsan dituzten baliabideak erakutsi dituzte bi finalistek. Baina erdialdetik aurrera Aimarrek ordura arteko tantoen erritmoa asko nabaritu du eta egindako esfortzuak faktura pasa dio. Irujok, aldiz, erritmo berdinean segitu du eta bere jokoa nagusitu egin da.
Alde horretatik, Irujoren sasoia nabarmenduko nuke. Huts batzuk egin arren, piloteoan nagusitu egin da eta, defentsa ona erakutsi arren, Aimarrek ezin izan dio bukaerara arte eutsi. Zaila da esatea, baina Aimarrek aurtengo Buruz Burukoan partida bakarra jokatu izana nabaritu egin duela uste dut. Golpez fresko ikusi dut eta defentsan ere oso ongi, baina goi mailako partida horietan egoten den erritmoari, eta bereziki Irujo bezalako pilotari handi batek jartzen duen erritmoari, ezin izan dio eutsi norgehiagokaren bigarren zatian.
Txapelketaren balantzea egiten hasita, berriz ikusi da hiruzpalau pilotari beste guztien gainetik daudela, koska dezentea dagoela batzuen eta besteen artean. Lau pilotarirekin bakarrik ezin da txapelketa jokatu, baina parte hartzen dutenen kopurua zertxobait murriztu beharko da agian, jendea frontoira erakartzen saiatzeko. Materiala ez zait txarra iruditu. Tartean gehiegizko pilotaren bat azaldu da, baina orokorrean, eta baita finalean ere, jokatzeko moduko pilotak iruditu zaizkit.