Kronika | Buru buruko finaleko giroa
«Zain dago Juan, zain Aimar... hator, hator Atanora, hator, hator etxera»
Aurten ere pilota munduko urteko final handienak ez du hutsik egin giroari dagokionez. Donostiako Atano iii.a jendez gainezka egon zen atzo Olaizola II.aren eta Martinez de Irujoren arteko neurketa handia jarraitzeko. Dultzainaren doinuak lagun, jarraitzaileak pilotariak aldare nagusira igotzen saiatu ziren beraien oihuen indarrarekin. hona hemen finaleko giroaren kronika.
Imanol CARRILLO
Erlojuak 18.30ak direla dio. Buruz Buruko Txapelketako final handia jokatu behar duten bi pilotariek ohorezko agurra eskaintzen ari dira Atano III.a pilotalekuan, eta harmailetan doinu goxo bat entzuten hasi da. Kontrakantxari begira jarri dira ikusle guztiak. «Zer da entzuten dena?», galdezka hasi dira. Dultzaina doinuak dira, pilotalekuko giro itzela are eta gehiago alaitzen duten dultzaina doinuak. Musikari baten hauspotik ateratako doinua pixkanaka pilotaleku guztitik zabaltzen hasi da, jarraitzaile guztiak abesten jarri arte.
«Zain dago ama, zain aita, zain andre eta lagunak. Hator, hator Euskadira, hator, hator etxera» edota «Gora, gora, Euskal Herria-a-a-a. Gu, euskaldunak gara, Euskal Herrikoak» doinuek emozioa pizten dute jendearengan. Segur aski baita pilotariengan ere, sarri esaten duten arren kantxa barruan, urduritasuna tarteko, ez direla jendearen animoak entzun ere egiten.
Jende ezagun ugari
Irujo eta Olaizola II.a protagonista nagusiez gain, pilotalekuan bildutako ehunka ikusleen artean badira aurpegi ospetsu gehiago ere. Martxoan Binakako Txapelketako finalean ere izan ziren mordoxka bat; hori bai, oraingoan, oharkabean pasa nahi dutela dirudi.
Pilotariei protagonismoa utzi nahi badiete ere, frontoian daude, besteak beste, Karlos Arguiñano, Martin Berasategi, Juan Mari Arzak eta Hilario Arbelaitz sukaldariak; Inaxio Errandonea, Fernando Arretxe, Miguel Gallastegi eta Mikel Unanue pilotari ohiak; oraindik ere kantxak utzi ez dituzten Koka eta Otxandorena; Aimar Irigoien harri-jasotzailea; Jose Maria Arrate eta Fernando Lamikiz Athleticeko presidente ohiak; Miguel Fuentes Realeko presidente ohia; eta Julen Lopetegi futboleko atezain ohia.
Harmailetan, benetako protagonisten aldeko oihuez gain, Juanen eta Aimarren aldeko pankartak daude. Bai. Bi pilotariek euren jarraitzaileak ekarri dituzte pilotalekura. Lagunen, senitartekoen eta herritarren berotasuna sentitzea inoiz baino garrantzitsuagoa da finalean.
«Juan, txapelarekin edo ez, gure txapelduna izango zara» pankartak Iberoko pilotari handia du gogoan, baina ez da bakarra. «Eulate beti Irujorekin» dioen beste pankarta bat ere bada.
Aimarrek ere ekarri ditu bere jarraitzaileak. Eta oso lelo originala bururatu zaie: «Irujo dinamita? Aimar Goma 2. Ados? Aupa Goizueta».
Oihuek ere bi pilotarien animoa alaitu nahi dute. Ezin dira falta «Aimar, Irujo, Aimar, Irujo...!», «Aimar, Aimar, Aimar Olaizola...» edota «Juan, Juan, Juan, Martinez de Irujo» oihuak.
Desagertuta dagoen Jon Anza errefuxiatuaren aldeko aldarrikapen pankarta ere ikus daiteke: «Sarkozy, Zapatero. Non da Jon?». Tamalez, une latzak igarotzen ari den haren familiak ezin izan du final honekin gozatu, baina, behintzat, bere oroitzapena Atano III.a frontoian egon da, eta esperantza galtzen ez den bitartean, ezer ez dago galduta.