Europako legebiltzarrerako hauteskundeak
Euskal Herriko zazpien artean, bi emakume
Zazpi izango dira datorren Europako Parlamentuan izango diren euskal herritarrak, eta horietatik bi baino ez dira emakumeak. Horietatik sei, alderdi politiko estatalisten ordezkariak dira eta zazpigarrena ere estatuko alderdi ezberdinekin koalizioan aurkeztearen ondotik izan da hautatua. Antzeko egoeraren ondotik, Aralarreko Iñaki Irazabalbeitiak ere denbora txiki batez europarlamentuan esertzeko aukera lortu du.
[ Ramon JAUREGUI ] PSOE
Euskal Herrian aski ezaguna da 60 urteko donostiarra, batik bat 1982tik 1987ra bitartean, GALen garaietan, Gobernu espainolaren ordezkaria izan zelako EAEn. Ingeniaritzan eta Zuzenbidean lizentziatua, ibilbide politiko luzea du; hala ere, lehendabiziko aldiz eseriko da Estrasburgon bere betiko alderdia, PSOE, ordezkatuz. Nahiz eta 1980. urtean UGT sindikatuko idazkari nagusi hautatu zuten, politikagintzan aritu izan da nagusiki, «trantsizio espainola» bezala ezagututako garaietatik ardura handiko postuak betez. 1990ean eta 1993an PSEko idazkari nagusia izan zen, eta Nicolas Redondo Terrerosen garaietan ere ardurak izan zituen. Azken urteetan Madrilgo Kongresuan diputatua izan da. Europarako hauteskundetarako zerrendan sartu izanak hautsak harrotu ditu bere inguruan.
[ Jaime MAYOR OREJA] PP
Orain dela 58 urte Donostian jaioa, politikari hau ere sobera ezaguna da Euskal Herrian. Bere osaba Marcelino Orejaren bideari segida emanez, Alderdi Popularreko buruzagia da. Eskuindar kontserbadore sutsua da Mayor Oreja; horren erakusle, Euskal Herrian frankismo garaian herritarrak «bakean eta lasaitasunean» bizi zirela esan izan du, edota harro agertu izan da bere aitonak etxean euskaraz hitz egitea debekatu zuelako. PP Gobernu espainolean zegoenean, 1996etik 2001era, Barne ministro lanetan aritu zen, eta horrek are eta ezagunagoa bihurtu zuen Euskal Herrian. 2001. urtean lehendakari izateko hautagai gisa aurkeztu zen PPko zerrendetan. Orain, berriz, bere bigarren legegintzaldia hasiko du Estrasburgon.
[ Pablo ZALBA ] PP
Erabat ezezaguna zen PPk bere zerrendetan aurkeztu zuen arte. Gainera, hori izan du Estrasburgora heltzeko bidelagun onena. Izan ere, UPNko Yolanda Barcinak alderdian ibilerarik gabeko hautagaia jartzeko exijentzia egin ondotik hautatu zuen PPk Zalba. Horrela, Barcinaren aholkua jarraitu eta ibilbide politiko handiagoko hautagaiak aurkezteari, hala nola Javier Pomes edota Jaime Ignacio del Burgo, uko egin zion PPk. Kontuak kontu, orain dela 38 urte Corellan jaiotako ekonomilari eta enpresaria da Zalba, Basagoitik EAEn irudikatzen duen «pop» itxurarekin bat egin nahi duena. Saldu nahi duen itxura horren erakusle, larunbatean, hausnarketa egunean, footing egiten eta lagunekin afaltzen atera zen komunikabideetan.
[ Izaskun BILBAO ] PNV
Parlamentuko lanetan aditua da bermeotarra, Bizkaiko udalerrian EAJko zinegotzi izateaz gain, lau legegintzalditan Gasteizko Legebiltzarrean jeltzaleen aulkietan jarri baita. Horrez gain, EAJren Lakuako hainbat gobernutan izan ditu ardurak Zuzenbidean lizentziatua den Bilbaok. Besteren artean, Kultura Saileko zerbitzu zuzendaria izan zen eta, 1996tik 1998ra arte, Herrizaingo Saileko zerbitzu zuzendaria ere izan zen. Joan den martxoaren 1eko hauteskundeetan Bizkaiko hautagai nagusia izan baino lehen, Gasteizko Legebiltzarreko presidente lanetan aritu da azken legegintzaldian. Orain, Gasteiz utzi eta Estrasburgon arituko da lanean datozen lau urteetan, Europaren Alde hautagaitzaren baitan EAJren zerrendaburu izanik eserlekua eskuratu ostean.
[ Eider GARDIAZABAL ] PSOE
Bilbon zinegotzi lanetan aritu arren, politikagintzan ia erabat ezezaguna zen orain artean 33 urteko bilbotarra. PSOEko Ramon Rubial politikari historiko zenduaren biloba, auzo eta hirigintzako sailetan aritu da lanean. Europako hauteskundeetarako zerrenda parekideak osatu nahi zituztela-eta aukeratu zuen PSOEren zuzendaritzak Gardiazabal, ezustean. Patxi Lopez lehendakariak hauteskunde autonomikoetan egin bezala, teknologia berrien aldeko politikari gisa aurkeztu du bere burua Gardiazabalek, eta Twitter eta Facebook bezalako bitarteko berriak erabili ditu ezagutzera emateko. «Lan eremutzat 37 auzo izatetik 27 estatu izatera pasako naiz», esan zuen PSOEko zerrendetan hautagai gisa aurkeztu zutenean.
[ Carlos ITURGAIZ ] PP
Orain dela 44 urte Santurtzin jaio zen politikari honek sona handia izan zuen Euskal Herrian 90eko hamarkadan; pixkanaka-pixkanaka EAEko PPren barruan ardurak hartzen joan zen Iturgaiz 1998an lehendakaritzarako hautagai izan zen arte. Hasiera batean, politikan egindako lanak baino ospe handiagoa eman zion ia telebistan akordeoia jotzen agertu izanak -akordeoi irakasle titulua du-. Euskaraz hitz egiten saiatzen den PPko politikari bakarrenetakoak bigarren legegintzaldia hasiko du Estrasburgon. Europara heldu arte, zinegotzi gisa, batzar nagusietan eta alderdiaren barruan hainbat ardura izan zituen. Mayor Orejaren gertuko politikari gisa aurkeztu izan dute beti santurtziarra eta aurrerantzean ere, azken legegintzaldian bezala, elkarrekin eseriko dira Europako Parlamentuan.
[ Alain LAMASSOURE ] UMP
Orain dela 65 urte Pauen jaio baina ibilbide politiko guztia Ipar Euskal Herrian egin duen Lamassoure, laugarrenez hautatu dute europarlamentari atzoko bozaldietan. Azken bi legegintzaldietan, UMPko ordezkari gisa aritu da. Oraingoan baina, tarte txikiagoarekin lortu du Estrasburgorako aulkia, hirugarren baitzihoan hautes-zerrendetan Nicolas Sarkozyren aburuz «teknokrata itxura handiegia» zuelako. Europar Batasunaren defendatzaile sutsua, Lisboako Ituna ezinbestekoa dela uste du Konstituzio Ituna bertan behera geratu ostean -Konstituzioa idazteko lanetan parte hartu zuen-. Angelun zinegotzi izan zen, Baiona Angelu Miarritze Hiri Elkargoan ardurak izan zituen eta Asanblea Nazionalean ere behin baino gehiagotan izan da diputatu. Estatu-idazkari izatera heldu zen Balladur eta Jupperen gobernuetan.