Maider Iantzi Kazetaria
«Ederra» baino hitz ederrago bat
Distira' baino hitz distiratsuago bat nahi dut, `ederra' baino hitz ederrago bat». Maiteminduta gaudenean, hitzak txikiak iruditzen zaizkigu, ahulak gure sentimenduen indarraren aurrean. Badakigu ezinezkoa zaigula bizitzen ari garena adieraztea, baina, hala ere, beti egiten dugu ahalegina. Horrela izan da garai eta kultura guztietan. Jose Antonio Marinak maitasun gutunak bildu ditu «Palabras de amor» liburuan, gehien-gehienak idazleenak, Franz Kafkarenak, Simone de Beauvoirrenak, Oscar Wilderenak, Hannah Arendtenak... Istorio zirraragarriak kontatzen dituzte, edozein etxetako gutunek gordetzen dituztenak bezain zirraragarriak. Edozein etxetakoek? Izanen genuke aukerarik gaur egungo gutunekin antzeko bildumarik egiteko? Postontzietan ez genituzke fakturak eta publizitate orriak bertzerik aurkituko. Eskuko telefonoetan eta posta elektronikoetan begiratu beharko genuke, agian? Ez dira mezu laburragoak, azkarrago idatziak, zirriborrorik, usainik, laztandutako hitzik gabeak? «Elkarrekin gauden unetxo honek zenbat balio duen niretzat! Eta zenbat gauza ezin izan dizkizudan erran, emozioak ez didalako ideiak koordinatzen uzten ondoan zaudenean». Idatziz, aurrez aurre azaldu ezin ditugun kontuak kontatzen ditugu, magia berriro sentitu, urruneko maitasun istorioak bizi, Khalil Gibranek eta May Ziadah-k bezala. Diotenez, 15 urtez idatzi zizkioten gutunak elkarri, hasieran lagun artekoak eta gero pasioz beteak, eta ez zuten sekula elkar ikusteko beharrik izan. «Gutunak idaztea mamuen aurrean biluztea da. Idatzizko musuak ez dira helmugara ailegatzen, mamuek edaten dituzte bidean». Gutunetan biluztu egiten gara, mamuen, irakurlearen, gure buruaren aurrean. Biluzteko gaitasuna ere galdu ote dugu gutunekin batera?