GARA > Idatzia > > Ekonomia

Gasteizko Lan Ordezkaritzara martxa antolatu du Tubos Reunidoseko batzordeak

Izan diren kaleratzeen ostean, gehiago etorriko direla iragarri du Tubos Reunidoseko enpresa batzordeak, eta horren aurrean mobilizazioak deitu ditu enpresaren erasoei aurre egiteko. Gasteizerako martxa antolatu du uztailerako.

GARA |

Egungo egoera larria izanik, are larriagoa bilaka daitekeela uste du Amurrioko Tubos Reunidos enpresako batzordeak, zuzendaritzaren jokaera ikusita. «Langabezian uzten gaituzte, baina ez gaituzte geldiaraziko» lelopean, aurreikusten duten etorkizun beltz horri aurre egiteko hainbat mobilizazio iragarri dituzte.

Aldi baterako langileen eta azpikontratatuen kaleratzeak dinamika horren lehenengo fasea direla uste du enpresa batzordeak, enplegua erregulatzeko espedientearekin eta malgutasuna eta eskubideak murrizten dituzten neurriekin batera. «Baina une honetan beste fase batean sartzen ari gara. Egoerak okerrera egingo du eta lanpostu gehiago galduko da», azaldu du batzordeak lantegian zabaldu duen ohar batean.

Gauzak horrela, ondorio larriagoak helduko direla dio enpresa batzordeak, eta kaleratze gehiago ekarriko duen bigarren EEEa bidean dagoela ohartarazi du. «Enpresaren ofentsiba gelditzeko horma jartzen ez badugu , eta eraso horri aurre egiteko langileak mobilizatzen ez baditugu, enpresaren eskakizunak gailenduko dira ezinbestez.

Horregatik, maiatzean abiarazitako ekimenari eutsiz, hilabete honetan hainbat mobilizazio antolatu dituzte langileen ordezkari sindikalek. Izan ere, ostiralero elkarretaratzeak deitu dituzte Amurrioko plazan, hilaren 12an, 19an eta 26an, 12.00etatik aurrera.

Bestalde, uztailerako bigarren deialdi bat egin dute sindikatuetako ordezkariek. Oraindik egunik zehaztu ez badute ere, martxa bat antolatu dute Tubos Reunidoseko lantegitik Gasteizko Lan Ordezkaritzara.

«Arduradunen ateraino»

Langileei ekimen horretan parte hartzera dei egin die batzordeak, «egungo egoera eta etor daitekeenaren prebentzioa arduradunen ateraino» helarazteko helburuarekin, eta martxa horren xehetasunak ostiraletako elkarretaratzeetan emango dituztela adierazi dute batzordea osatzen duten ELA, LAB, VTR eta ATTR sindikatuetako ordezkariek.

«Egoera honetara ekarri gaituzten enpresa eta politika estrategiak zalantzan jarri behar ditugu» nabarmentzen du batzordeak, eta «enpresaren helburu bakarra etekinen etengabeko hazkundea» dela azaltzen du. «Euren emaitza ekonomikoak handitzeko, prekarietatea bultzatu eta lanpostuen kostuak txikituko» dituztela salatu du.

elkarretaratzeak

Ekainean, ostiral guztietan elkarretaratzeak deitu ditu enpresa batzordeak lanpostuen defentsan Amurrioko plazan, 12.00etan, eta deialdi horietan martxaren xehetasunen berri emango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo