AEBak Israelen gertuko aliatu izango direla adierazi du George Mitchellek
Desadostasunak desadostasun, Ameriketako Estatu Batuak Israelen gertuko aliatu izango direla nabarmendu zuen atzo Ekialde Hurbilerako berriemaile estatubatuarrak, George Mitchellek, Tel Avivera eginiko bidaian. «Bi herrialdeak lagunak gara», berretsi zuen.
GARA |
Zenbait gaietan ados egon ez arren, Ameriketako Estatu Batuak eta Israel «gertuko aliatuak eta lagunak dira eta hala izaten jarraituko dute etorkizunean», nabarmendu zuen Ekialde Hurbilerako berriemaile estatubatuarrak, George Mitchellek.
Simon Peres presidente israeldarrari adierazi zionez, atzoko bisitaren helburua bakerako elkarrizketak berriz hasi ahal izateko behar diren baldintzak finkatzea da. Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obama eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ez datoz bat kolonien aferan. Lehenak kolonien zabalpena bertan behera uztea eta Estatu palestinar baten sorrera onartzea exijitu zion bigarrenari. Netanyahuk ezetz borobila eman zuen.
«Horiek ez dira etsaien arteko desadostasunak, gu herrialde lagunak baikara. AEBek Israelen segurtasunarekin duten konpromisoa apurtezina da», berretsi zuen Mitchellek.
Hala ere, gatazkaren konponbidea, Washingtonen aburuz, bi estatu egotea da. «Israelgo Estatu judutarraren alboan bakean biziko den Estatu palestinarra behar da», gaineratu zuen. Bere hitzetan, bakea bilatzearen ardura ez da bakarrik palestinarrena eta israeldarrena. «Amerikarrek, europarrek, arabiarrek eta gainontzeko guztiek ere ematen ari diren ahaleginak ageriko pausoekin sustengatu behar dituzte», helarazi zuen. Arratsaldean, Netanyahurekin eta Israelgo Atzerri ministroarekin, Avigdor Lieberman eskuin muturreko politikariarekin, bildu behar zuen.
Boikotaren «garaipena»
Bestetik, Veolia multinazional frantsesak uko egin dio Jerusalengo trenbidea eraikitzen jarraitzeari. Israelek Zisjordanian legez kanpo eraiki dituen koloniak Jerusalenekin batuko lituzke. Proiektuak kontrako iritzi andana jaso zituen, bai Palestinan baita nazioartean ere. Hainbat taldek boikotaren aldeko kanpaina hasi zuten gauzatu ez zedin. Horixe bera nabarmendu zuen atzo «Haaretz» egunkariak albistearen berri ematerakoan.
«Le Monde»k, berriz, boikotak enpresari diru-kalte handiak eragin dizkiola plazaratu zuen. Nazioarteko boikot kanpainaren testuinguruan azken urteotan eginiko ekintzek Veoliari zazpi mila milioi dolarreko galerak eragin dizkiotela azaldu zuen.
Euskal Herrian Veoliari boikota egiteko deia zabaldu zuen Askapenak. Enpresaren erabakia «garaipentzat» jo eta «palestinarren eskubideak errespetatzen ez diren bitartean» boikotaren bideari heltzea eskatu zuen.
Londreseko «A Sharq al Awsat» egunkariaren arabera, Obamak Israel eta Egiptoko gobernuei Estatu palestinarraren sorrera zehazten duen proposamen bat igorri die. Bertan, 2001erako bake hitzarmen bat aurreikusten da.