GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Beñi Agirre Euskara irakaslea

Jakin egin nahi dugu

Jakinmina badugu, egia jakiteko eskubidea ere bai, azpikeriarik gabe, aurreiritzirik gabe eta trabarik gabe egia jakiteko

Aurkeztu berri du Nafarroa Garaiko Gobernuak, Juan Ramon Corpasen eskutik, Nafarroako konkistaren V. mendeurrena gogoratzeko Kongresu Nazionala antolatuko duen zientzialari taldea. Dirudienez, 1512. eta 1212. urteen inguruan benetan zer gertatu zen argitzeko antolatu da; gertatutakoa «inbasioa, atxikidura, anexioa edo berreraikipena izan zen» argitu nahi da alegia. Ongi, guk geuk ere jakin nahi baitugu...

Jakin egin nahi dugu bertako euskaldunok hitz egiten dugun hizkuntza naturalak, euskara edo lingua navarrorum-ek, zergatik galdu dituen eremuak eta hiztunak urritu diren mendez mende; jakin nahi dugu zergatik Akitaniatik Ebro hegoalderaino eta Oina eta Oka mendilerroetatik Pallars baino harago hitz egiten zen hizkuntza galduz joan den, jakin nahi dugu, azpikeriarik gabe, aurreiritzirik gabe eta trabarik gabe benetan gertatutakoa: zigortuz, debekatuz, gutxietsiz... jazarpena jaso duen euskarak; nork, zergatik eta nola lingua navarrorum-a gal zedin jokatu duen; nork, zergatik eta nola tokiko hiztunen eskubideak errespetatu ez dituen.

Jakin egin nahi dugu, azpikeriarik gabe, aurreiritzirik gabe eta trabarik gabe jakin ere, nork eta zergatik hautsi zituen behin eta berriro (1016an, 1127an eta 1177an) Gaztelako konderriarekin eta Gaztela-Leongo erresumarekin nafar Erresumak hitzartutako mendebaldeko mugak, nork lagunduta eta zergatik 1099-1200ean sartu ziren gaztelarrak bertan bakean bizi ziren euskaldunen lurrak, herri eta aziendak inbaditzera. Zergatik setiatu zuten Gasteiz eta zergatik sartu ziren gaztelarrak Hondarribiraino.

Jakin egin nahi dugu nork, nork lagunduta eta zergatik izan ziren kanporatuak Hispaniako lurretatik arabiar, judu eta penintsularrei onura baizik ekarri ez zien jendea; nork eta nork bultzatuta behartu zituzten garaiko nafar agintariak kanporatze horretan parte hartzera 1212an.

Jakin nahi dugu jakin nork, nork lagunduta eta zergatik 1512an, Nafar erresuma subirano osotik geratzen zena, berak aurretik inori agresiorik egin gabe, armaz eta bortxaz izan zen inbaditua: Nafarroa Garaia eta Beherea. Zergatik inbasioaren ondoren Inkisizio basatiena ezarri zen Euskal Herrian, egun «estatu terrorismoa» izendatuko genukeena. Halaber, jakin egin nahi dugu zergatik Europako beste estatuek eta Erromako elizak, ez aurrekoetan, ez eta honetan ere, ez zuten esku hartu eta, aldiz, onartu egin zuten, eta duten, inbasio ez legitimoa eta, haren ondorioz gure herrirako sortutako instituzio atzerritarrak.

Jakin nahi dugu jakin zergatik baskoien habitat edo bizilekua izan dena eta bertakoek sortutako erakundeak auzo estatuen jazarpena sufritu behar izan duten mendez mende, sistematikoki. Zergatik bereizarazi zuten, eta duten, Akitania-Albret, Foix, Biarno, Bureba, Errioxa osoa eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa nafar Estatuaren zentralitatea ordezka- tzen zuen Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beheretik.

Jakinmina badugu, egia jakiteko eskubidea ere bai, azpikeriarik gabe, aurreiritzirik gabe eta trabarik gabe egia jakiteko. Eta horretarako bada Kongresu «nazionala», bejondeiola. Izan dadila internazionala eta ez soilik «ez-nazionalisten kongresu nazionala», esku har dezatela historia honetan biktima izan direnak eta ez borreroak soilik, betoz Akitania, Foix, Errioxa, mendebaldeko Nafarroa, Arabiatik... zientifikoak, hausnar dezagun elkarrekin eta egin dezagun bakea. Azken galdera: izango al da euskaraz egindako ponentziarik?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo