Peruko Gobernuaren asmoak ez dituzte indigenen «delituek» oztopatzen, haien eskubideek baizik
Azken egunotan Perun izandako istilu larriek herrialde haren mugak gainditu dituzte. Peruko Gobernuak Venezuelari eta Boliviari egotzi zien indigenen protestak bultzatu izana. Bestetik, Alberto Pizango Aidesepeko (Amazoniako Jatorrizko Komunitateen Elkartea) presidentea Nikaraguako enbaxadan errefuxiatuta dago, Peruko Gobernuak hura atxilotzeko agindua eman zuen eta. Baina Gobernu haren jokaerak ere, indigenei dagokienez, gainditu egiten ditu herrialdearen mugak, eta azken urteotan transnazionalek Amazoniako mineralak, oihanak eta lurrak ustiatzeko baimenak biderkatu ditu. Bide horretan, indigenen eskubideen eta berak sinatutako hitzarmenen gainetik ezarri zituen zenbait dekretuk eragin zuten indigenen azken protesta, Gobernuak izugarrizko errepresioarekin erantzun diona. Alan Garcia presidenteak protesta egin dutenak gaizkile gisa aurkeztuz, kriminalizatuz, zuritu nahi du bere jokabidea; areago, indigenen gaineko adierazpen onartezinak egin ditu haienganako eta haien kulturarekiko mespretxua erakutsiz. Paradoxikoa da, hitz gogorragorik ez erabiltzearren, aurrerabidearen izenean mintzatzen denak inoren eskubideak oztopo izatea.