GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Euskarak elkartzen gaituelako», Beran ospatuko da larunbatean UEMA Eguna

UEMAko ordezkariak gustura daude mankomunitatearen martxarekin, hala ere, oraindik egiteko asko dagoela ohartarazi dute. Udalek euskararen normalizazioan duten eginbeharra aldarrikatuko dute, besteak beste, larunbatean Beran egingo duten UEMA Egunean.

Maider EIZMENDI |

Datorren larunbatean ospatuko du UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urteroko jaia Beran. Eguna aurkezteko atzo Donostian egin zuten agerraldian, UEMAko lehendakari Jon Bollarrek aditzera eman zuenez, erakundea inoiz baino osasuntsuago dago, «hasierako kideen kopurua hirukoiztu baita». Gainera, larunbatean beste zazpi herri UEMAn sar daitezen bozkatuko dute eta ia 60 izango dira.

Hala ere, oraindik ere hizkuntza eskubideen urraketak batean eta bestean errepikatzen direla ohartarazi zuten, eta «honen adierazgarri dira azken urte honetan gure udaletan jarrita dauden Behatokiaren postontzietan jaso diren 200 kexak». Horiek «egunero gertatzen direnen zatitxo bat baino ez direla» gogora ekarri zuen Bollarrek, ordea, eta dei egin zuen begiak erne izan eta gisa honetako egoerak gertatzen direnean salatzera eta publiko egitera.

Aurtengo jaia Nafarroan izaki, bertako egoerari arreta eskaini nahi izan diote. «Nafarroako euskarari buruzko legea onartu zenetik hogei urte baino gehiago pasa direnean, argi ikusten da egin duen ibilbideari dagokionez, lege horren garapenak ez duela inondik inora ere legearen helburua betetzeko biderik gauzatu; are gehiago, zenbait arlotan atzeraka egin du nabarmen», ohartarazi zuten.

UEMAren Egunean «Nafarroan berezko hizkuntza euskara dela eta bide horretan udalen zeregin garrantzitsuetako bat euskararen erabilera normalizatzea dela aldarrikatu dute.

Jon Bollarren adiezpenen ondotik Etxalarko eta Berako alkateek, Patxiku Irisarrik eta Josu Irazokik, hartu zuten hitza, eta UEMA egunerako antolatu dituzten ekiltaldien berri eman zuten. Irrisarrik jakinarazi zuen goizeko hamarretan UEMAren Batzar Nagusia egingo dela, eta bertan hainbat gai jorratzeaz gain, mankomunitatean sartzeko zazpi herrik egindako eskaera bozkatuko da.

Horren ondotik, 11.30ean, harrera instituzionala egingo da eta UEMA eta Kontseiluaren artean hitzarmena sinatuko dute udaletako hizkuntza politikaren neurketarekin jarraitzeko. 13.00etan ekitaldi nagusia egingo dute.

Bestalde, ekimen instituzionalez gain, bertaratzen direnak jai giroan murgil daitezen makina bat ikuskizun antolatu dituzte: herri kirolak, txistulariak, zikiro jatea, haur txokoa, ipuin kontalaria eta Garraxi taldearekin dantzaldia.

kide berriak

Zazpi udalerrik eskatu dute UEMAn sartzea: Gipuzkoan, Elgetak eta Amezketak; Bizkaian, Busturiak; eta Nafarroan, Etxalarrek, Berak, Larraunek eta Araitzek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo