GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Lan esparru Ipar Euskal Herria izan duen EPFL Biarnora hedatzekotan da

Ainize BUTRON |

Lurzoruaren tokiko egitura publikoa (EPFL) duela bost urte sortu zen, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako higiezinen merkatuaren presioari aurre egiteko. Joan den maiatzaren 30ean egiturak izandako biltzar nagusian, EPFL Biarnora zabaltzeko proposamena egin zen, Pirinio Atlantikoko Departamenduko egitura izendatuz. EPFL, izan ere, higiezinen merkatutik kanpo lurzoruak erosi eta, eremu horietan etxebizitza sozialak edo prezio apalekoak eraikitzeko sortua izan zen. Horrenbestez, merkatua erregularizatzeko tresna izatea zuen helburu. Hedapena Biarnes sozialistek egindako eskaera bat da, eta, horrek lekuko hautetsien kexua piztu du, ekintza horren bidez, Biarnon gehiengoa duen alderdi sozialistaren azpijoko politikoa dagoela salatzen baitute. «Ipar Euskal Herrian tresna batek ongi funtzionatzen duelarik kentzen digute. Labazee sozialistaren borroka nagusia, ditugun egitura gutxi horiek nola kendu ahal dizkigun aztertzea da. Jarrera jakobinoaren adibidea baizik ez da», gaitzetsi zuen Martine Bisauta Baionako hautetsi eta Baterako kideak. EPFL egitura, gaur egun, laurogei bat herrik osatzen dute, eta, 2009. urte bukaera bitartean, Arrangoitze izan ezik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herri guztiak barne izango dira. Aurrekontuaren zati handiena herriek eskaintzen diote, eta diru zama horri esker lurzoruak erosi eta proiektuak bideratzen ditu EPFLk. «Herritarrek ordaintzen dituzten zergetatik hartzen dugu gure dirua. Biztanle bakoitzak 8 euro ematen ditu», argitu zuen Arnaud Portier egiturako arduradunak. Horrenbestez, ahalik ez dituzten herrientzat EPFL oso egitura eraginkorra zela adierazi zuen Bisautak. «Hedapenak desoreka sortuko du, hautetsi gehiago baitira Biarnon. Behin elkartu eta, hiru urteren buruan egoitza Pauen izateko arriskua dago. Lurraldearen ezagutza oso garrantzitsua da horrelako lan batean. Biarnora hedatuz, porrot egiteko arriskua dago», salatu zuen hautetsiak, egitura guztiekin horrela gertatu dela argitu ostean.

Erabakia, uztailaren 9an

EPFL egiturak Biarnorekin bat egin ala ez uztailaren 9an erabakiko dute. Jean Castaing Kontseilu Nagusiko burua alde agertu da dagoeneko. Bestalde, Bisauta honela mintzatu zen: «Ez dut uste onartuko denik egitura osatzen dugun hautetsi gehienok Ipar Euskal Herrikoak baikara». Baina, erabaki politikoa izaki, arriskua horretan zegoela gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo