Baiona-Kanbo trenbidea berritzeko diru-laguntza eman du Akitaniak
GARA |
Akitaniako Kontseiluak Baiona eta Kanbo elkartzen dituen trenbidea berritzeko 4,125 milioi euroko diru laguntza ematea onartu du. 2008an hitz eman zuen milioi erdiarekin 4,625 milioi dira orotara. Kanbo eta Donibane Garazi elkartzen dituen trenbidearen beste zatia berritzeko oraingoz ez da laguntzarik. Berrikuntza lanak 2010eko otsailean hasiko dira eta Eskualdeko Kontseiluak tren zerbitzuak uda baino lehen martxan izatea espero du.
Trenbidearen eta bereziki katenarien egoera txarra zela-eta, 2008ko abenduan trenak elektrizitatea erabili ordez diesela erabiltzen hasi ziren. Egoera horri aurre egiteko Akitaniako Kontseiluak linea berritzea derrigorrezkoa dela erabaki du.
Akitaniako Kontseiluaren diru laguntza Baiona eta Donibane Garazi arteko trenbidea berritzeko beharko litzatekeen aurrekontuaren %25 besterik ez da. Linea osoa berritzeko 18,5 milioi behar dira. Akitaniako Kontseiluak Estatu frantsesarekin garatu duen egitasmorako diru laguntza Lapurdiko hiriburua Kanborekin lotzen duen zatirako bakarrik da.
Bien bitartean Kanbo eta Donibane Garazi arteko trenbidearen egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Egoera horren inguruan Frantziako trenbide sareak ibilbidea hobetzeko finantziazioa erabakitzen den artean «trenbidearen segurtasuna» bermatuko duela adierazi du.