Dauphine Liberea
Pazientziarik ezak etaparik gabe zigortu du Landaluze
Milrameko Terpstrak irabazi zuen hirugarren etapa eta bera da liderra orain.
Arnaitz GORRITI | BILBO
Ia 150 kilometro ihes eginda egon ostean, eta garaipena bertan ikusita, zaila da burua hotz mantentzea. Alabaina, pazientzia apur bat erakutsi izan balu, Euskaltel-Euskadiko Iñigo Landaluzek, akaso Dauphine Libereko hirugarren etapa irabaziko zukeen.
Bosteko talde batek hanka egin zuen Saint Etienne-ra bidean. Gaurko 42 kilometroko erloju kontrakoari begira, tropelak baimena eman zion boskoteari eta hauek etapa ez ezik, probako lidergoa ere eskuratu zuten.
Niki Terpstra izan zen denetan abilena. Landaluzek arinegi jo zuen azkenengo metroetan. Herbeheretarrak gurpila harrapatu zion azken bihurgunean eta inork ere ezin izan zuen azken esprintean gainditu. Bosgarren helmugaratu zen bizkaitarra.
Toni Colomek, positibo EPOaz
Bestetik, atzo arratsaldean eman zen jakitera Katusha taldeko Toni Colom kataluniarrak EPOaz positibo eman zuela. Apirilaren 2an Madrilen eginiko gernu analisiaren ondorio omen da Colomen positiboa. UCIk txirrindularia behin-behinean kanporatu du, eta Colomek kontranalisia eskatzeko aukera duela adierazi zuen.
Dopingaren harira mintzatu zen atzo Bernhard Kohl. «Ezin da ezer irabazi dopatu gabe», aitortu zuen pasa den Tourreko hirugarrenak.
Bestalde, gaurtik hilaren 16ra jokatuko da Circuito Montañes lasterketa. Orbea taldea ere han ariko da, igotzaileentzako proba honetan garaipenak lortzeko asmoz. Sicard, Castroviejo, Ruiz de Erentxun, Minguez, Aitor Olano, Echeverz eta Urain dira Orbeak aukeratuak.