GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

«Frontball»-A Modalitate honetako bigarren txapelketa jokatu da AEBetan

XXI. mendeko pilota joko berria, New Yorken

Agusti Waltari izan da orain arteko bi edizioetako txapelduna, bi finaletan Juan Medina mexikarrari irabazita.

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu Euskal Herrian jokatzen den esku pilotak mugak gainditzen dituela, hemengo pilotariek mundu osoan zehar zabaldu baitute.

Halaber, lurralde bakoitzak bere modalitate propioa ere badu, hala nola, handball-a Irlandan, AEBetan eta beste herrialde anglosaxoietan; kaatsen-a Holandan eta Belgikan; Rugby Fives eta Eton Fives modalitateak Ingalaterran; Manito-a Hegoamerikan; edota valentziar pilota.

Esku pilotako jokoen zerrenda oso zabala da eta bost kontinenteetako lurralde ugaritan praktikatzen da. Hemen oraindik ere oso ezaguna ez den modalitate horietako bat, frontball-a, Ameriketako Estatu Batuetako New York hiriraino ailegatu zen iragan larunbatean, joko molde honetako bigarren txapelketa jokatu baitzen bertan.

Euskal Pilota Federazioa ordezkatuz Iker Etxebarria eta Aitor Erauzkin bizkaitarrak izan ziren New Yorken. Iparraldeko Elite Pelote Basque enpresak eta World Handball Council erakundeak antolatutako txapelketa honetako beste parte hartzaileen artean, berriz, honakoak nabarmendu behar dira: Olivier Larretxea Ipar Euskal Herriko pilotaria, Agusti Waltari kubatarra, Juan Medina, Martin Cabello eta Pedro Santamaria -1998, 2002 eta 2006ko trinketeko munduko txapelduna- mexikarrak eta John Rookie Wright estatubatuarra.

Bigarren edizio honetako txapelduna Ipar Euskal Herrian trinketeko profesionala den Waltari kubatarra izan da. Iragan urrian Angelun jokatutako lehen edizioko irabazlea ere Waltari bera izan zen. Finalean, Juan Medina hartu zuen mendean kubatarrak 10-3 eta 10-5. Iker Etxebarria Arteako pilotaria, berriz, hirugarrena izan zen.

Frontball-a esku pilotan jokatzen duten herrialde guztien elkargune izate asmoz sortu zen. Modalitate berri eta tentagarri hau esku pilotako joko molde ezberdinetako jokalari guztien eskura dago, eta XXI. mendeko erronka eta beharrei erantzungo dien jokoa izatea bilatzen du.

Ezaugarriei dagokienez, oso arau errazak ditu frontball-ak. Gainera, joko dinamikoa, azkarra eta erasokorra sustatzea du xede. Alboko hormarik gabeko pilotalekuan jokatzen da -frontisak 5 metroko altuera du-, eta kantxak 7,5 metroko zabalera eta 11 metroko luzera ditu.

Larruzkoa eta 70 gramokoa den pilota Punpa artisauak egin du eta ia batere babesik gabe jokatzeko egina dago. Frontball-eko partidetan, 10 puntuko bi set jokatzen dira, eta, pilotari bakoitzak set bat irabaziz gero, 5 tantoko beste bat jokatzen da berdinketa hausteko.

Protagonisten ezaugarriak

Jokatzeko era berezia izanik, txapelketan parte hartzeko aukeratu dituzten pilotariek ere modalitate honetan aritzeko ezaugarri aproposak dituzte. Agusti Waltari kubatarra oso ezaguna da Ipar Euskal Herrian. Trinkete profesionaleko jokalaririk azpimarragarriena da eta orain arte jokatutako frontball-eko bi txapelketak irabazi ditu. Inor bezala egokitzen da modalitate honek dituen ezaugarrietara: bizkortasuna, jarrera erasotzailea eta aparteko kolpea.

Juan Medina mexikarrak, aldiz, ustekabea eman zuen Angeluko lehen edizioan, 18 urte eskasekin finalean sartu baitzen. Orduan ere, New Yorken bezala, ezin izan zuen Waltari kubatarra gainditu.

Olivier Larretxea euskaldunak, bere aldetik, debuta egin du edizio honetan. Lau paretetan lortu dituen emaitza bikainak modalitate berri batean berresteko desioarekin aritu da.

Azkenik, John Rookie Wright New York hirian diren milaka handball kantxetako erregea da. Jokalari ikusgarria da: fisikoki izugarri indartsua izanik, beti lortzen du ikusleen arreta bereganatzea.

waltari, garaile

Ipar Euskal Herrian trinketeko profesionala den Agusti Waltari kubatarra izan da orain arte jokatutako bi txapelketetako irabazlea. Bai urrian Angelun bai orain New Yorken, Juan Medina mexikarra izan du finalean arerio, eta bietan kubatarra nagusitu da.

«frontball»-a

Alboko hormarik gabeko pilotalekuan jokatzen da -frontisak 5 metroko altuera du-, eta kantxak 7,5 metroko zabalera eta 11 metroko luzera ditu. 10 puntuko bi set ditu partidak eta, berdinketa badago, 5 tantoko beste bat jokatzen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo