Hausnarketarako jaiak (II)
Aritz SOUND SYSTEM | Kazetaria eta musika adiktoa
Iragan zutabean jaien gaiarekin hasi ginen berriro. Behin baino gehiagotan aipatutako gaia da baina, hil ala biziko kontua ez bada ere, herri baten osasuna nolakoa den ezagutzeko garrantzitsua izan daiteke. Herriko jaietan herritarrek protagonismoa hartzen ez badute, seinale txarra da. Azken urteotan herritarrek era zuzenean parte har zezaketen eremuetako bat zen (ia bakarra herri askotan) eta, honetan ere, atzera pauso handiak eman dira pribatizazioaren mesedetan. Zorionez, udal gutxi batzuk, herritarren parte hartzea bultzatu nahian, bilerak antolatu dituzte jaietan herritarren parte hartzeak nolakoa izan behar duen eztabaidatzeko. Udal gobernuaren aldetik aldeko jarrera edukitzea ordea ez da nahikoa. Hausnarketa sakona behar da gai hauen inguruan. Zer-nolako jaiak nahi ditugu? Zein izan behar da antolatzaileen papera? Antolatzaileak, bere ekitaldia antolatzeaz gain, herriko jaien inguruan erabaki behar al du oro har? Antolatzaileak jai batzordetan antolatu behar al dira? Zein funtzionamendu eduki behar dute jai batzordeek? Nola osatu behar dira egitarauak? Zein ekitaldi nahi ditugu eta zeintzuk ez? Nola banatzen dira diruak? Nork erabakitzen du egitarauaren inguruan? Eta diru banaketen inguruan? Gai potoloak dira horiek, bereziki seriotasunez landu nahi badira.
Herri batzuetan, jaietan gauzak antolatzen dituzten taldeek osatutako jai batzordeak dituzte. Normalean, organo aholku-emaileak izaten dira; hau da, jai batzordean esandakoak kontutan hartzen dira (teorian), baina erabakiak agintean dauden politikoek hartzen dituzte. Agintean dagoen udal gobernuaren arabera jaramon gehiago edo gutxiago egiten zaio jai batzordeari, baina herri askotan jai batzordearen papera ahuldu duten neurriak hartu ditu udalak. Antolatzaile izan nahi duenari oztopoz betetako araudia inposatzen zaio, taldeekin banan banako negoziazioa bilatzen da, gauzak enpresekin antolatzen dira eta abar.
Bestetik, txikitatik aho, begi eta belarrietatik sartu nahi diguten gizarte eredu indibidualista honetan jaso dugun heziketak, ez gaitu talde lanean aritzeko prestatu eta horrek, praktikan, jende anitza biltzen duen batzorde baten lana zailtzen du (bileretako metodologiak ez dira egokienak izaten; moderatzailerik gabe, berehala sortzen dira eztabaidak, jendeak bilerak egiteko ohitura falta du, jende aurrean hitz egiteko lotsak, gai batetik besterako saltoak, eta abar). Era berean, antolatzaile lanetan ari dena boluntarioa izaten dela ezin ahaztu, horrek dituen muga guztiekin. Herriko jaiak prestatu aurreko egunak aproposak izan daitezke hausnarketarako, jaien eremua gainditu eta udal eremu guztietara zabaldu beharko litzatekeen hausnarketa.