Iñaki Kasares eta Salva Martin (*) | Gizon Ekimena Berdintasunaren Alde elkarteko kideak
Bolueta: aski da!!
Gizon oro gaude sexismoak zikindurik gutxi-asko. Gutxi dira honelako ankerkeriak egitera iristen direnak, baina den-denok daukagu bortizkeriaren birusa
Bi gizonek emakume bat bortxatu zuten Boluetan joan den larunbatean. Bortxakeria matxistak, batzuetan gordeago beste batzuetan ageriago baina egunero-egunero ibiltzen den horrek, bizitzak apurtzen jarraitzen du, bai biktimei, baita zeharka eragileei ere. Hedabideetan titularrak lortzen eta kalean hitzetik hortzera ibiltzen jarraitzen du.
Idazki honen sinatzaileok ere gizonezkoak gara. Gizarte honen sexismoaz blai sozializatuak izan gara. Nahiz eta horren eraginak geure burutik garbitzen jarduten dugun, oraindik joera sexistak nabarmenak dira gugan ere, besteak beste, emakumezkoak eta gazte jendea zapaltzekoak. Hala ere, gero eta argiago ohartzen gara sexismoa izugarrikeria dela gizartearentzat eta bere kide guztientzat. Gizonezkoak garen heinean ezin gogorrago salatu nahi dugu larunbateko basakeria, baita hori bezalako menderakuntzazko eta mesprezuzko ekintza guztiak. Ez dugu nahi, inola ere, bortizkeria gehiagorik emakumezkoen aurka eta ozen aldarrikatu nahi dugu: gizontasunak, izatez, ez du zerikusirik emakumeak zapaltzearekin, baztertzearekin, gutxiestearekin... Inolaz ere ez, ez hemen eta ez inon.
Dei egiten diegu gizonezko guztiei halako erasoei eta erasoen azpian dagoenari buruz gogoeta sakon egin dezaten, eta engaia daitezen halakoak amai ditzagun. Gizon oro gaude sexismoak zikindurik gutxi-asko. Gutxi dira honelako ankerkeriak egitera iristen direnak, baina den-denok daukagu bortizkeriaren birusa. Inor ez dadila errudun sentitu, ez bailuke ezertarako balioko eta justua ere ez bailitzake izango, baina jabetu beharra dugu denon ardura dela egoera honi amaiera ematea. Denon onerako izango da, gainera.
Jendarteko kide guztiei ere gauza bera eskatu nahi diegu. Ez dezagun geure jarduna unean-uneko protestara mugatu eta saia gaitezen geure eguneroko jarrera eta jarduera sexistak alboratzen. Jarrai dezagun berdintasunezko gizartea eraikitzen are erabakitasun handiagoaz.
Era berean, jende orori halako ekintza gogorren egileak erruduntzeko eta kondenatzeko joera bazterrean utz dezala eskatu nahi diogu. Badakigu ulertzen zaila suerta daitekeela eskaera hau. Ez Boluetako doilorkeria egin dutenei, ezta beste inori ere, ez diegu egin dutenagatik dagokien ardura pittinik ere arintzen. Baina ez dezagun engaina geure burua: ekintza lazgarri hauen benetako iturburua izatez bidegabea den sistema sozial patriarkal eta matxista da. Sistema honek sortzen ditu baldintza egokiak halako krudelkeriak gerta daitezen. Sistema honek umetatik hezten ditu gizonak emakumezkoekiko nagusikeriarako, homofobiarako, misoginiarako, indarkeriarako... Azken finean, sistemaren beraren euskarriak izan daitezen. Ezein gizonek ez luke honela jokatuko horrela prestatua izan ez balitz, bortxaz eta minez. Alegia, bestelako gizarte egitura bat ez badugu eraikitzen, lehengo lepotik burua jarraituko dugu.
Ildo berari jarriki, arrazakeria eta xenofobiak harrapa ez gaitzaten saiatzeko dei egiten dugu. Boluetako bortxaketa ez da gertatu bi gizon horiek etnia jakin batekoak zirelako, azal kolore jakin bat zutelako edo mintzaira jakin bat hitz egiten dutelako. Esan bezala, maskulinitate eredu baterako prestaketan eta marjinazio egoera jakin batean aurki ditzakegu horren zergatiak, ez jatorrian.
Amaitzeko, geure elkartasun eta goxotasunik bihotzezkoenak helarazi nahi dizkiegu emakumezko guztiei, indar bereziaz azkeneko eraso hau pairatu duen geure arrebari (holakotzat sentitzen baitugu, zilegi balekigu) eta bere hurkoei. Era berean, geure konpromiso irmoa adierazi nahi dugu sistema patriarkala deuseztatu eta gizarte zinez berdintasunezkoa eraikitzeko. Zuei, emakumezkooi, adorea eman nahi dizuegu jarrai dezazuen zuen askatasuna gauzatzen eta mundu gizabidezkoagoa eraikitzen, non pertsona guztiok biziko garen inolako zapalkuntza eta bazterkeriarik gabe. Jarrai ezazue zareten modukoak izaten, halaxe maite eta behar zaituztegu-eta.
(*) Iñaki Kasares eta Salva Martinekin batera, Charly Urbina, Iñaki Sanchez, Rafael Martin eta Patxi Sanchezek ere sinatzen dute