GARA > Idatzia > > Ekonomia

Langileentzako neurri eraginkorrak eskatuko dituzte berriz ere Baionan

Biharko, larunbata, beste mobilizazio egun bat antolatu dute elkarrekin Estatu frantseseko zortzi sindikatu nagusiek. Urtarrilaren 29ko greba egunaren ondotik abiaturiko borrokari jarraipena emango diote.

Ainize BUTRON

CGT, CFDT, FO, CFTC, UNSA, FSU, CFE eta Solidaires sindikatuek bihar, larunbata, elkarrekin eginen duten mobilizazio egun nagusian parte hartzeko deialdia egin zuten atzo Baionan. Frantses Gobernuaren politikaren aurka eta langileentzat neurri eraginkorrak eskatzeko joan den urtarrilean abiatutako borrokari jarraipena emanen diote mobilizazio egun berri honekin.

«Mobilizatzeko era ezberdin bat abiatu dugu. Langile orok parte hartu ahal izateko, greba eguna ez den mobilizazio egun bat antolatu dugu. Horrela izendatu dugu larunbata ez baita lan eguna, eta, horrela izanki, langileak errazkiago hurbildu ahalko baitira», nabarmendu zuen Alain Duzert CGTko kideak eta plataforma osatzen duten sindikatuen ordezkariak.

Estatu frantses osoan egingo den deialdiari jarraituz, plataformako zortzi sindikatuek manifestaldia eginen dute Baionako karriketan. Lan Poltsatik abiatuko dira 10.00etan.

Bizi dugun krisi ekonomiko egoeran, Duvertek ezinbestekotzat jo zuen langileak epe luzeko borroka batean murgiltzea. «Erronka handiak dira. Estatu frantsesean urte bukaera bitartean beste 800.000 lanposturen desagertzea aurreikusten da eta, 2010. urte amaierarako, industriaren %15 eta %20 artean desagertuko dela aipatzen da. Gizartean desegituraketa handia eragingo du horrek. Gainera, enpresa txiki asko krisiaren aitzakia erabiltzen ari dira langileak kanporatzeko. Egoera horren aitzinean garrantzia handia dauka mobilizatzeak. Krisi ekonomikoaren aitzinean neurri eraginkorrak aldarrikatzeko unea da», azaldu zuen.

Sentsibilizazio lana

Mobilizazioetatik haratago, sindikatuek eskualdez eskualdeko sentsibilizazio lana burutzeko asmoa dutela ere nabarmendu zuten atzo. Joan den maiatzaren 25ean egindako bileraren ostean, sindikatuek «krisiari aurre egiteko lehentasunezko hamar puntu» biltzen dituen txosten komuna kaleratu zuten. «Ez da gure aldarrikapenak murriztu nahi ditugunik, baina, negoziaketak bideratzeko oinarrizko aldarrikapenak biltzen ditu testu horrek», azaldu zuen Alain Duzertek.

Arlo sozialak politika ekonomikoaren ardatz nagusia izan behar duela aldarrikatzen duen testu horretan, besteak beste, honakoa eskatzen da: soldata minimoa igotzea, lanpostuak sortzeko helburua duen plangintza handia bideratzea edo zerbitzu publikoan diren lanpostu galerak gelditzea.

Aldarrikapen horiek ahalik eta lan sektore gehienetan zabaldu ahal izateko, sindikatuek informazio ekimenak bideratuko dituzte hurrengo asteetan. Horrenbestez, ekainaren 19an, 25an eta uztailaren 1ean, Kanbo, Hazparne eta Basusarriko lantegi txikietan testu komun horren edukia biltzen duen trakta banatuko dute.

Atzoko agerraldiaren amaieran, sindikatuetan izena emateko deialdia egin zieten langileei. Duzertek nabarmendu zuenez, egungo krisi egoeraren langileek inoiz baino gehiago behar dituzte beraien eskubideak defenditzeko baliabideak. Ondoko asteetan egingo dituzten ekimenak baliatuko dituzte, beraz, sindikatuetan izena emateko deialdia zabaltzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo