GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Proiektu polemiko baterako hitzarmena

Atzo Bizkaiko Aldundiak eta Guggenheim Fundazioak sinatu zuten hitzarmena Guggenheim Bilbao Museoa Urdaibain zabaltzeko aurretiko lanak hasteko abiapuntua da; museoaren bideragarritasuna aztertu eta eredu kontzeptuala definituko duen txostena da lehen eginkizuna. Etorkizunerako apustu gisa aurkeztu zuen Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok proiektua, egungo krisi egoera aipatuta. Proiektua iragarri zutenetik irizpide ekonomikoak nagusi izan dira: turismoa, azpiegiturak... baina ez omen dute ezer baztertzen, eta gutxienez zentzuzkoa da oraindik ezezagunak diren edukien artean euskal arteak leku garrantzitsua izan behar lukeela uste izatea. Ingurunea ere aipatu zuen ahaldun nagusiak, inguru hori Biosferaren Erreserba izateak «arkitektura ekologiko eta iraunkorra» eskatzen du-eta. Proiektuak batzuen adostasuna erakartzen bide du, museo horretan garapen ekonomikoa ikusten dutenena batez ere; baina baita beste batzuen susmoak ere, irizpide artistiko, kultural eta ingurumenari dagozkionak inondik ikusten ez dituztenenak. Eta formak ere gordetzen ez direnean, susmoak areagotu egiten dira. Urdaibaiko bizilagunen iritzia eta beharrak ez dira ageri proiektuan. Bilbaok esan zuen ez dela proiektu bizkaitarra, herri osoarena baizik. Baliteke, baina bizkaitarrak eta gainerako herritarrak aintzat hartzen ez dituena, haien dirua ez bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo