Xabier Silveira Bertsolaria
Adiorik ez, irabazi arte baizik
Non da Jon? Non daude giza eskubideak aho erraldoiarekin defendatzen dituzuenen salaketa ekintzak? Non da beren burua euskaldunon defendatzaile demokratiko gorentzat daukatenen prozesio profesionala?
Badira gauzak sekula aldatzen ez direnak; ez du esan nahi aldatu beharrik ez dagoenik. Badaude gauzak ez dauden arte daudenak, ere bai. Ere ez baita ere. Kontraesankorra da oihaneko legea, bizirauteko hiltzea. Kontraesana baina guztiok betetzen dugun lege bakarretakoa.
Oihalen legeak, ordea, onespen handiagoa izaten du tabernako elkarrizketetan, zer esanik ez komunikabideetan, oihal gorri-horiaren legeak. Demokrazia hitza ia gastatzerarte behin eta berriz errepikatu diguten faxistek hara orain zer-nolako errespetua erakusten duten demokrazia horrekiko. Botoak ezabatu, deuseztatu, lapurtu... Baina ez al zen bada boza ematea gure ideiak eta nahiak defendatu eta aldarrikatzeko modua? Horrela konbentzitu nahi al duzue zuen hitz bakoitza gezurra dela pentsatzen dugunon ustea? Ba ote dakizue, demokrata gezurti eta faltsuok, lehenbiziko aldiz zerrenda legezko bat bozkatu ahal izan duten gazteengan eragin duzuen demokraziarekiko mesfidantza maila noraino eraman duzuen? Ba ote dakizue zuen tongoak bazter hauetan borroka moldeekiko ikuspegia zenbat baldintzatu dezakeen zuetako batzuk boto lapurretan eta besteak itsumutugorrean aritzeak?
Horrelako haize ufadek eraman dituzte deserrira milaka eta milaka euskaldun. Deserrira, espetxera, hilerrira. Adiorik ez. Baina «dama beltza sega zorroztuta dabil aspaldi honetan gure artean» esan zuen ahotsak. Loreak, hilkutxak, malkoak... Hau ere honen guztiaren parte da, omen da, bukatzen den arte. Kepa Arizmendi -gure haurtzaroko Pello- izan da faxisten pozoiaren azken biktima. Urteak deserrian eta, etxera itzuli ahal izan baino lehen, hilerrira. Hori da zuen proiektu politikoa, gu anikilatzea, euskal erresistentziarekin kosta ahala kosta bukatzea. Edozein preziotan, edozein modutan. Guztiak balio du zuen demokrazian Euskal Herri aske bat nahi dugunon kontra. Hiltzaileak!
Portzierto, non da Jon? Non daude giza eskubideak aho erraldoiarekin defendatzen dituzuenen salaketa ekintzak? Non da beren burua euskaldunon defendatzaile demokratiko gorentzat daukatenen prozesio profesionala? Erran nahi baita, non ostia daude Aralar, EA eta EAJren bozeramaile dirudunduak horrelakoetan? Ez ote dute ezer esatekorik azken egun hauetan gertatu diren kontu larri hauen guztien inguruan? Noiztik ordaintzen zaie bozeramaile politikoei ixilik egotearren?
Amorrua eta nazka. Apenas sentitzen dut ezer gehiago Ajuria Eneko paktua sinatu gabe egunero egunero praktikan jartzen dutenekin oroitzen naizenean. Amorrua eta nazka, lau sosen truk euskaldunak herria eta herritarrak nola saltzen dituzten ikustean. Hiltzaileen konplizea ere hiltzailea delakoan nago eta gure heriotzari etekina atera nahi dionari bere neurri egokian erantzutearen aldekoa izan naiz beti; orain inoiz baino gehiago. Kepa, zuek ereindako landetan loratuko den herri honek ez zaitu ahaztuko, borrokan hiltzen dena inoiz hiltzen ez delako. Agur eta ohore Kepa, gudari, aio Pello, maixu. Muxu bana zure aurretik joan ziren guztiei eta, esandakoa, adiorik ez, irabazi arte baizik.