Merkantziak garraiatzeko trenbide bat egiteko aukera aipatu du Alliot-Mariek
AHTaren Lapurdiko trenbide berriari buruzko ikerketak gelditzeko agindua eman zenetik, erabakiaren aldeko zein kontrako erreakzioak ugaritu dira Bidasoaren bi aldeetan. Proiektua gelditzearen sustatzailea izan zen Michele Alliot-Marie Estatu frantseseko Barne ministroak, auziaren gaineko eskumenik ez duela nabarmendu du orain. Merkantziak garraiatzeko linea berri bat egiteko aukera ere aipatu du.
Idoia ERASO |
Atzo «Euskal Herriko Kazeta»k argitaratutako elkarrizketan, Alliot-Mariek Ipar Euskal Herrian linea berria eraikitzearen kontra dagoela adierazi zuen berriz ere. Hala ere, honakoa ere gaineratu zuen: «Gai hori ez da nire eskumenetan sartzen». Bestalde, trenbide zaharrak trafiko handiegia izatekotan hemendik 20 urtera izango lukeela defendatu badu ere, atzo, lehen aldiz, barnealderago pasatuko litzatekeen merkantziak garraiatzeko trenbide baten egitasmoa aipatu zuen. Frantziako Trenbide Sareak (RFF) kontuan duen egitasmoa dela jakinarazi zuen.
Inguramenaren aldeko CADE kolektiboko Guillaume Dardenek, honakoa esan zuen MAM-en adierazpenei buruz: «Kontent gara proiektua geratu delako, baina behar da kasu eman. Joan den astean estudioak geldituko zituela erran zuen eta orain merkantziak garraiatzeko trenbidea derrigorrezkoa dela».
Bestalde, Errobi, Lapurdi Hegoaldea eta Aturri-Errobi herri elkargoek Nicolas Sarkozyri gutun irekia igorri diote egitasmoaren kontra agertu eta Alliot-Mariren alde egiteko.
Dominique Bussereau Estatu frantseseko Garraio idazkariarekin eta Frantziako Trenbide Sareko ordezkariekin elkartu eta gero, Michele Alliot-Mariek Baiona eta Hendaia arteko AHT trenbide berriari buruzko ikerketak geldiaraztea agindu zuen maiatzaren bukaeran.
Eztabaida bi astez
Alain Lamassoure eurodiputatua eta Akitaniako presidente Alain Roussete erabaki horren kontra agertu ziren.
Azken horrek bi gutun igorri zituen, lehena Sarkozyri eta bigarrena François Fillon lehen ministroari. Azpiegituren Planifikaziorako Estatu espainiarreko idazkari Victor Morlanek ere Bussereauri gutuna igorri zion. Hautetsi horiek salatu dutenez, egitasmoa atzeratu edo desagerrarazi dezake ikerketen geldiarazteak. Horri erantzuteko, Alliot-Mariek komunikatu bat kaleratu zuen trenbide zaharrak Paris-Madril ardatzaren gaineko eraginik ez duela esanez.
Hego Euskal Herrian ezinegona handitu egin da, Iruneraino helduko litzatekeen trenbideak jarraipenik izango ez lukeen beldur. Estatu espainiarreko Sustapen Ministroak, Jose Blancok, Estatu frantseseko Garraio Idazkaritzatik gutun bat jaso zuela esan zuen asteazkenean; bertan, Sarkozyren Gobernuak egitasmoari «garrantzi handia» ematen diola esaten omen da.
CADE kolektiboko Guillaume Dardenek mobilizatzeko prest daudela adierazi du: «Ez dugu utziko jendearen iritzia kontutan izan gabe trenbide berria egiterik. Erreferendumak antolatuko ditugu dagokion herri guztietan».