Alde batean gobernukideak ditu Netanyahuk eta, bestean, Obama
Israelgo eskuinak ez du inolaz ere nahi Estatu palestinar bat sortzea, Ekialde Hurbileko gatazka konpontzeko Barack Obama presidente estatubatuarrak eskatu bezala. Benjamin Netanyahu lehen ministroak igandean eman behar duen hitzaldian ezezkoa emateko presioa egiten ari dira.
GARA |
Barack Obamak lehenengo eta ondoren, Ekialde Hurbilerako Ameriketako Estatu Batuetako berriemaile George Mitchellek. Biek «Israelgo Estatu judutarrarekin batera» Estatu palestinar baten sorrera proposatu dute Ekialde Hurbileko gatazka konpontzeko. Bake elkarrizketak berriro hasteko baldintzak finkatu behar dituztela adierazi die aste honetan bertan Mitchellek Simon Peres Israelgo presidenteari eta Benjamin Netanyahu lehen ministroari Tel Avivera eginiko bisitan. Argi utzi du ere, desadostasunak desadostasun, «Israel eta AEB gertuko aliatuak» direla eta hala izaten jarraituko dutela.
Israelgo eskuinak, ordea, ez du begi onez ikusten Obamaren proposamena. Netanyahuk ezetz esan dezan presio gogorra egiten ari dira. Baliteke igandean jakitea Netanyahuk zer dioen, orain arte uko egin baitio bere iritzia plazaratzeari. Hori bai, koloniak eraikitzen jarraituko dutela esan du. Washingtonek eta eskuinak arreta handiz entzungo dute Bar Llan unibertsitatean, Tel Avivetik gertu, bere «segurtasun eta bake plana» aurkezteko emango duen hitzaldia.
Defentsa ministroa eta Alderdi Laboristaren buruzagia, Ehud Barak, «bi herrientzat bi estatu» izatearen alde dago. Likudeko legebiltzarkideek Obamaren presioei men ez egitea eskatu diote. «Ez dugu `Estatu palestinar' esaera erabili behar. Ezer baino lehen, AEBen presioa psikologikoa da. Ez dugu ahaztu behar presidentea ez dela AEBetan dagoen bakarra. Kongresua eta Senatua Israelen alde daude», helarazi zuen Miri Regevek, Likudeko legebiltzarkideak.
Azpiegitura ministro Uzi Landauren hitzetan, «palestinarren artean ez dago negoziatzeko inor. Gazan, Hamasen esku dagoen Estatu terrorista antzeko bat dugu eta Mahmud Abbasek Judea-Samariako arabiarrak bakarrik ditu kontrolpean». Eskuin muturreko Israel Beitenu alderdi politikoko kidea da Landau, egungo Atzerri ministro Avigdor Lieberman bezala.
«Haaretz» egunkariak argitaratu duenaren arabera, AEBek, Errusiak, Europar Batasunak eta Nazio Batuek bultzaturiko bidai orria onartuko du Netanyahuk. Testu horretan, Estatu palestinar baten sorrera aurreikusten da. Hala ere, Israelgo Estatua «herri judutarraren Estatua» bezala aitortzea exijitu die palestinarrei eta ez du konolizazioa etengo.
Irrati militarrak esan zuenez, Netanyahuk kolonoen ordezkariekin biltzeko asmoa zuen atzo, haien sostengua bereganatzeko.
Asteazkenean, Saeb Erekat negoziatzaile palestinarrak Netanyahuk igandeko agerraldian «hitz jokoak» erabil ditzakeela ohartarazi zuen.
Hamasekin «elkarrizketa zuzenak» hasi ditzala eskatu dio berriro Washingtoni AEBetako presidente ohi Jimmy Carterrek. Hamas gabe bakea lortzea ezinezkoa dela berretsi zuen Damaskon egindako agerraldian.