«Hauspoari eraginez» euskara bultzatuko dute hilaren 21ean Oionen
Hilaren 21ean, Oionen izango den Araba Euskaraz jaiko zirkuitua eta egitaraua aurkeztu zituzten atzo. Honelako ekimenek lan handia eskatzen dute eta laguntzeko prest dagoen jendearen premia azpimarratu zuten.
Zuriñe ETXEBERRIA |
«Logistika eta erromantizismoa» ardatz hartuta antolatutako 2009ko Araba Euskaraz jaiko ibilbidea eta egitaraua aurkeztu zituzten atzokoan. «Hauspoari eraginez» lelopean, hilaren 21ean, Oionen izango da zita.
Lau gunek osatuko dute ibilbidea eta laurak Oiongo herriaren inguruetan egongo dira, horren arrazoiak bi dira. Alde batetik, «logistika» kontua dela adierazi zuen San Bizente ikastolako zuzendaria den Txema Okiñenak. «Eguzkiak gogor jotzen du» Arabar Errioxan eta herrian bertan guneak kokatuz gero, «itzal gehiago» izango dira. Bestetik, «erromantizismo kutsu» bat emateko asmoarekin aukeratutako ibilbidea dela azaldu zuen Okiñenak. Ildo horretan, «Oioni ohorea zor diogu», nabarmendu zuen.
Aurtengo edizioan bi bertsolari eta elkarte bat omenduko dituzte. Hala, ibilbidearen irekiera ofizialaren ostean, herriko zineman Ttiki Ttaka euskara elkarteari, Abel Enbeitari eta Luis Mari Bengoari omenaldia egingo diete «zonalde honetan euskararen alde egindako lan guztiagatik».
Teknologia berrien presentziak ere lekua izango du aurtengo Araba Euskaraz jaian. Laugarren gunean, hain zuzen ere, telefono mugikorrean bluetooth aplikazioa duen orok aukera izango du edizio honetako «logotipoa, abestia eta programa dohainik» jaisteko.
Laguntza behar dute
San Bizente ikastolako lehendakaria den Lore Unanuek argi plazaratu nahi izan zuen «laguntza» behar dutela. Jakina da honelako ekimenek jende ugariren laguntza behar dutela eta horregatik deia luzatu nahi izan zuten.
Laguntza emateko prest dagoen jendeak, Oingo ikastolan bertan edota webgunearen bitartez -www.arabaeuskaraz.net- eman dezake izena.
Bestalde, Lorea Unanuek hainbat gomendio egin zituen hilaren 21eko zitan ahalik eta arazo gutxien egon daitezen. «Primeran pasatzeko» deia egin zuten, baina «pasatu gabe». Hau da, norbere buruarekin arduraz jokatuz, ondokoa errespetatuz eta natura zainduz.
Oinetako egokiak, eta eguzkitik babesteko kremak eta txanoak ezin zaizkigu etxean ahaztu. Alkoholik gabeko edariak hartuz hidratatzeko aholkua ere eman zuen Unanuek. Azkenik, natura zaintzeko ahaleginean, «birziklatu daitezken edalontziak erabiltzeko» adierazi zuen.
Urte osoko lanaren azken txanpa izango da «Hauspoari eraginez» izena eramango duen Araba Euskaraz jaia. Jende andana biltzea espero dute eta horretarako autoak, autobusak edota karabanak uzteko aparkalekuak prestatuko dituzte.