DAUPHINE LIBERE
Zubeldia hirugarren Valverderi lidergoa eman dion Ventouxen
GARA | BILBO
Ederki aritu ziren euskaldunak Dauphine Libere probako bosgarren etapan. Alan Perez eta Jose Luis Arrieta eguneko ihesaldian sartu ziren eta, guztira, lau euskaldun helmugaratu ziren lehen hamabosten artean. Besteak beste, Haimar Zubeldia hirugarren izan zen.
Eguneko protagonista, hala ere, Alejandro Valverde izan zen. Caisse d'Epargneko txirrindulariak faborito nagusiei eraso egin zien Mont Ventouxeko aldapak igotzen hasi bezain laster, sailkapen orokorraren lider berria bilakatuz. Etapa garaipena, berriz, Sylvester Szmydentzat izan zen. Valverderekin batera lan egin ondoren, Liquigasekoa indar barik geratu zen 400 metro besterik falta ez zirela, baina Murtziako txirrindulariak bien arteko akordioa errespetatu eta Szmyden zain geratu zen, garaipenaren ohorea poloniarrari eskainiz.
Evansek eta Contadorrek bi minutu baino gehiago galdu zituzten helmugan, baina aldeak txikiak dira oraindik ere. Hortaz, biharko etapak erabakiko du lasterketako azken garailea.
Mironov eta Cardoso
Alexander Mironovek (Katyusha) Circuito Montañes probako bigarren etapa irabazi zuen. Sailkapen orokorrean Jean Marc Marino (Besson) da liderra eta Jonathan Castroviejo (Orbea) laugarrena.
G.P. Correoseko lehen etapa, bestetik, Manuel Cardosok (Liberty) irabazi zuen. David Herrero (Xacobeo) hamargarren postuan helmugaratu zen.