Bossa nova ezagun egin zuen «Orfeu Negro»-k mende erdia bete du
Antzinako Greziako mitologiatik Orfeoren istorioa hartu zuen Marcel Camus zuzendariak zinema aretoetara eramateko. Rio de Janeiron kokatzearekin bat, bossa nova txertatu zuen bere filmean eta «Manha de Carnabal» abestiaren nazioarteko arrakasta eragin zuen.
GARA | GASTEIZ
Greziatik Brasilera arteko bidaia egin zuen Orfeoren elezaharrak zinema aretoetan ikusi zenean. Marcel Camusen eskutik, arrazan oinarritutako bertsioa ikusi ahal izan zen. Bere erabakia izan zen istorioa Rio de Janeiro hiriko alde txiroenean kokatzea. Horrek ez zuen ekidin irudi aberastasun izugarria lortzea; irudiekin batera, filmeko musika ere benetan bikaina da.
Estreinaldi horretatik 50 urte igaro direnean, filmak ez du harritzeko gaitasuna galdu; bere kolore, erritmo eta dantzek sentipen berberak sortzen jarraitzen dute. Lan honetan Camusek mitologia grekotik hartutako historiaren alde tragikoa azaltzen du. Labur-labur azaltzeko, Orfeok haren maitale Euridice nola galtzen duen azaltzen du. Haren estiloak komiko zahar bat gogorazi dezakeen arren, zahartu ez dena filmaren soinu-banda da. Antonio Carlos Jobim eta Luiz Bonfak egindako lanean, garai hartan oraindik itzalpean zegoen musika estiloa baliatu zuten: bossa nova, hain zuzen ere. «Manha de Carnabal» edota «A felicidade» bezalako kantuek, mundu mailako arrakasta eskuratu zuten. Horren isla bihurtu dira orduz geroztik abesti horietatik jaio diren hamaika bertsioak. «Manha de Carnaval», esate baterako, Frank Sinatra, Paco de Lucia, Luciano Pavarotti, Carly Simon, Miriam Mekeba, Joan Baez, Julio Iglesias, Daniel Barenbhoim eta Luis Miguelen ahotsetan entzun izan da.
Bossa nova ezaguna izatera pasatu zen eta, egun, 50 urte igaro direnean filma belaunaldi guztiek ezagutzen ez duten arren, abestiak adin orotako jendeak ezagutzen ditu. Hain zuzen ere, bossa nova ezagutaraztea izan zen Camusen nahietako bat. Hori dela eta, bere lana Rio de Janeiron kokatu zuen -inauterietako egunetan, gainera- faveletako egoera alde batera utzi zuelarik.
Canneseko Jaialdian Urrezko Palma eskuratu zuen 1959an eta, hurrengo urtean, Oscar sarietan Atzerriko Film Onenaren saria ere eskuratu zuen. Camus zuzendariaren ibilbideko pelikula garrantzitsuena dela esan daiteke. Camus eskulturan eta margolaritzan ere aritu zen eta horren lekukotza bere lan guztietan aurkitzen da.
«Orfeu Negro» pelikularekin arrisku handia hartu zuen Camusek Orfeoren mitoaz hitz egiterakoan. Filmean, Orfeo tranbia gidari bat da; horrez gain, gitarra ere jotzen du, jatorrizko laukotea alde batera utzita. Camusek profesionalak ez ziren antzezleekin egin zuen filma; Breno Mello protagonista bera, futbolaria zen lanbidez.