Roy Loney eta Señor No-ren disko berria kalean, estatubatuarraren kantutegia oinarri hartuta
«Got Me a Hot One!» da Señor No eta Roy Loney estatubatuarra batzen dituen lehen diskoa. Bertan, rock musikariak bere kantutegiko abestiak aukeratu ditu eta taldekideek berrinterpretatu egin dituzte.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Lau kantutako Ep bat kaleratu ostean, Bloody Hotsak-ek (Gaztelupeko Hotsak-en azpizigilua) berriro batu ditu Señor No taldeko kideak eta Roy Loney hamabi pistatako CD batean. Rock musikari estatubatuarrak bere kantutegitik hautatutako doinuek osatzen dute lan berria, atzera begirako bidaia egiteko gonbita luzatzen duelarik. Loneyk berak egin zituen bere kantutegiko hautaketak eta Mikel Yarzak, Xabi Garrek, Fumaik, Guantxek, Jesus Aranburuk eta Patxi Spazok berrinterpretatu dituzte.
Andoaingo Garate estudioetan Aritz Arreguy ingeniariaren gidaritzapean grabatuta, diskoa 2007ko urrian osatu zen, baina ez da gaur arte kaleratu; hau da, Roy Loney Euskal Herrira itzuli den arte itxaron dute. Musikari estatubatuarraren etorrera probestuz, Loneyk eta Señor No taldeak bira hasiko dute Estatu espainolean; besteak beste, lan berria Galizian, Madrilen eta Bartzelonan aurkeztuko dute (agertoki zailagoa azken hori rock musikarentzat). Hala ere, lehenengo zuzeneko kontzertua datorren larunbatean, ekainaren 20an, egingo dute Andoaingo Rock Jaialdiaren barruan. Beraiekin batera, The Chesterfield Kings, Downliners Seet, Phanton Surfers, Ivan Julian & Capsula eta Los Creyentes taldeek osatuko dute kartela.
Señor No taldeko kideek agertu zutenez, Loneyk, kantuak aukeratu ahala, aurremaketak bidaltzen zizkien taldekideei beraiek presta zitzaten. Banatzen zituen distantzia handia bazen ere, rockean hainbeste entsegu ez direla behar azaldu zuten eta garrantzitsuena jarrera dela baieztatu. Grabaketan Loney gripeak jota egon bazen ere, diskoan garbitasun handiz entzuten da bere ahotsa; hori dela eta, Arreguyk egindako lana goretsi zuten. Bisita ahalik eta gehien probesteko helburuz, Gaztelupeko Hotsakek kantu batzuk gehiago grabatzeko aukera baliatuko du; aurretik zintzilik geratu ziren abestiekin batera, etorkizunean egin ditzaketen egitasmoen aurrerapena izan daiteke.