GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Fito Rodriguez Bornaetxea EHUko irakaslea

Antzararen jokua

Sozialisten ustezko «guztientzako politikak» espainiar sentitzen direnentzat soilik dira eta, finean, haien politika bera eskubide zibilen defentsa arrazionalean oinarrituta egon beharrean, gero eta etnikoago bihurtu da

Zuzentzaile ortografikoak, jakina denez, ez dit «jokua» onartu nahi. Badakit, jakin ere, izenburutik hasita, nire gaurko idazkia, bada, ez dela politikoki zuzena izango. Eta ez, bereziki, izkribitutakoa (hara, beste bat...!) Xuxenek etengabe gorriz azpimarratzen duelako, egungo euskal politikan erabili ohi diren zurikeriek gorritu egiten nautenez, honelakoak idazteko premia dudalako baizik.

Gizarte-ikertzaileek horrenbeste maite dituzten antinomien partez nominazio (hauxe ere gaizki dago, nonbait...) berriak sortzeak edota zaharrak berreskuratzeak hori dakar hain zuzen (edo hain oker...), erabiltzen ditugun hitzen esanahia azaldu beharra, alegia, baina, nago, hizkuntza arruntean (eta politika hitz jarioa arrunta baino gehiago zarpaila ere bada...) ariketa hura egitea ez litzaigukeela batere gaizki etorriko. Goazen, beraz, Xuxenek eta Antropologiak onartu bide duten «jokoa eta jolasa» ibili beharrean, «jokua» erabiltzera, hau baita gaurko diskurtso politiko sozialistaren jukutria adierazteko egokien iruditzen zaidana.

Honen antzera, antzara izendatzeko, adibidez, hitz aski desberdinak hartu ohi dituzte gureaz besteko hizkuntza askoan (ganso/oca; goose/gander; jars/oie...), baina ingelesez, esaterako, honako esaera honetan ebazten dute izendapenen balizko diferentziena:

«Wath is good for the goose is good for the gander».

Hau da, gurera ekarrita, «antzara arrarentzat ona denak antzara emearentzat ona behar du...», antza; horrela, idazteko aldaera guztiak izaeraz berdinduta geratuko direlakoan. Honako hau hitz jokoa baino gehiago hits jokua (jukutria tamalgarria) den neurri berean ari da hitz jario politiko sozialista hedatzen gure artean, ene aburuz behintzat.

Hezkuntza esparruaren birmoldaketak, kasu, hizkuntza ezberbadunaren (berriro Xuxenek belarritik tiroka!...) moldatzea dakar eta, honela, Euskal Herrian aurrerantzean irakaskuntza erakunde publikoen betebeharra ez da euskararen ezagutza denontzat bermatzea, hizkuntzen hautua babestea baizik (eta ikastetxeetan edozein hizkuntza mintzatu aurretik, mimoen modura eskolak era mutuan emango bagenitu haurrak zein mintzaira nahiago duen adierazi arte...?). Bake eta Giza Eskubideen Hezkuntza 2008-2011 planean «gatazka» berba ez da bermatuko, debekatuko baizik...( ez omen baitago gizarte klase liskarrik, ez genero arazorik, ez eta, noski, nazio borrokarik ere...).

Sozialistek, beraz, «Wath is good for the goose is good for the gander» uste dute. Bere gobernua «denontzat» dela zabaltzen dute. Baina, hitzen erabilera gaiztoak ezin du ezkutatu beren jokabide politikoa baztertzailea dela, berez. Beren ustezko «guztientzako politikak» espainiar sentitzen direnentzat soilik badirela eta, finean, haien politika bera eskubide zibilen defentsa arrazionalean oinarrituta egon beharrean, gero eta etnikoago bihurtu dela.

Honek, bi ondorio dakarzkie, nire ustetan:

Alde batetik, gizartean dauden desberdintasunak ezkutatuz berdindu nahiak faxismoa besterik ez du ekarri historikoki eta, bestaldetik, espainiar nazionalismo etnikoarekiko loturak historian zehar inperioaren herriminaz ibili direnekin bat egitera eraman dituela ezinbestean.

Euskal idazle batek idatzi zuen moduan, antzararen bidera doaz. Kontuz...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo