Zinema eta gastronomiaren ikus-entzunezko jaialdiak Getxo izango du aurten agertoki
Cinegourland ekainaren 24tik eta 27ra bitartean egingo da aurten, hainbat berrikuntzekin gainera. «Zineko pintxoak» lehiaketa antolatu dute lehen aldiz eta «Cinéfilos&Gourmets» sariak emango dira aurrenekoz.
GARA | GETXO
Zinema eta gastronomiaren ikus-entzunezko jaialdia, hots, Cinegourland, hirugarren urtez iritsiko da Getxora, ekainaren 24 eta 27 artean. Berrikuntzak ere izango ditu aurten, besteak beste, pintxo lehiaketa eta sari eta agertoki berriak izango direla nabarmendu zuten antolatzaileek atzoko prentsaurrekoan.
Lehenik eta behin, «Cinéfilos &Gourmets» sariak jaialdiaren izaera islatzen dute. Bere ibilbide profesionalean bi arte hauekiko grina erakutsi duten pertsonei begirako sariak dira eta antolatzaileek azaldu dutenez, «jaialdiaren gailurra» dira nolabait. Aurtengo edizioan saritutakoei hilaren 26an banatuko dizkiete sariak, San Joseren jauregian 21.00etan. Lehiaketa honetan, aktoreek, zuzendariek, sukaldariek, idazleek eta kazetariek parte hartzen dute. Aurten aktore ezagun ez ezik, gourmeta ere baden Juan Echanove, Jose Luis Cuerda zuzendari eta ardogilea eta Pedro Subijana sukaldaria daude. Horrez gain, Daniel Vazquez-Salles idazlea dago, «Comer con los ojos» liburuagatik. Aizpea Goenaga zuzendariak egindako azken filma ere saritu nahi izan dute, hau da, «Sukalde Kontuak». Horiez gain, Gerry Dawesen «El pollo, el pez y el cangrejo real» pelikulak eta Jose Luis Lopez Linaresek ere jasoko dute saria.
Berrikuntza nabarmenena, bestalde, «Zineko Pintxoak» lehiaketa da, non proposamen klasikoek, originalek eta gozoek parte hartuko duten, esate baterako, «Coloso en llamas», «Tomates verdes fritos», «Parque Jurásico» eta «El sexto sentido» izenekoak. Getxoko 13 taberna eta jatetxek hartuko dute parte lehiaketa honetan. Pintxoek ohiko prezioa izango dute hilaren 20tik 26ra eta zinemaren inguruko gaiekin lotu dituzte: bai aurkeztutako pintxoaren izena, bai bere osagaiak, bai gaiarekiko bestelako aipamenak. Lehiaketa bitxi honen finala eta sari banaketa azken egunean egingo da, hilaren 27an Kirol Portuko karpan.
Horretaz guztiaz gain, urtero legez, pelikula anitzen proiekzioak izango dira eta, horien ondotik, eztabaidak. Aurtengo egitarauan, «¿Pero quién mata a los grandes chefs» pelikula nabarmendu daiteke, edota Echanovek aurkeztuko duen «La Granja de Rosendo» izenburu duen hitzaldia, zeinetan jatorrizko zaporeen alde egingo duen.
Beren ibilbidean bai zinemarekiko bai sukaldaritzarekiko interesa erakutsi dutenak sarituko dituzte. Horien artean, aurten, Juan Echanove, Jose Luis Cuerda eta Pedro Subijana daude.
Tokiak: Getxoko kirol portua, portu zaharra, High Tech Tamariseso hotela, Lauren zinema aretoak eta San Joseren jauregia.
Data: Ekainaren 24an hasi eta 27ra bitartean.
Inf: www.cinegourland.com