GARA > Idatzia > > Mundua

Hogeita lau jendarme hil dituzte islamistek, Aljerian izandako atentatu batean

Magreb Islamikoko Al-Kaeda (AQMI) taldeari egotzi dioten atentatu batean hogeita lau jendarme hil dira, Aljeriako Bordj Buarreridj probintzian. Autopista bat eraikitzen ari diren Txinako langileen segurtasuna bermatzeko eskolta lanak egiten zituzten hildako jendarmeek.

GARA |

Hogeita lau jendarme hil ziren asteazken gauean matxino islamistek Aljeriako Bordj Buarreridj probintzian -Aljer-etik 150 kilometro ekialdera- egindako segada baten ondorioz, atzo «Etxuruk» eta «Ennahar» arabierazko egunkariek azaldu zutenez.

Hildakoak Txinako langile talde baten bizkartzainak ziren. Txinatarrek Aljeria ekialdetik mendebaldera zeharkatuko duen autopista eraikitzen ari dira. Jendarmeen aurkako ekintza bide bazterrean bi lehergailu jarrita egin zuten. Ondoren, fusil automatikoak erabiliz tiro egin zieten. Atentatua 5. errepide nazionalean gertatu zen, Mansurrah herritik gertu.

Hogeita lau jendarmeak sei ibilgailutan zihoazen eta berehala hil ziren. Atentatua egin zutenek hildakoen armak, uniformeak eta komunikaziorako aparailuak lapurtu zituzten gorpuei eta ibilgailuei su eman aurretik. «Etxuruk» egunkariak gertakariaren lekukoen adierazpenak jaso zituen. Horien esanetan, atentatua gertatu eta berehala Armadak bertara helikopteroen sostengua zuten soldadu ugari bidali zituela azaldu zuten.

Militarrek atentatuaren egileak harrapatzeko operazio berezia jarri zuten martxan, baina ez zuten helburua erdietsi.

Iazko abuztutik Aljerian izan den atentaturik larriena izan da hau. Orduan Kabiliako Les Issers hiriko Jendarmeriaren Eskolaren aurkako erasoan kamikaze batek ibilgailu bat leherrarazi eta 43 hildako eta 45 zauritu eragin zituen.

Orduko atentatua, 2007ko apiriletik Aljerian izandako guztiak bezala, Magreb Islamikoko Al-Kaeda (AQMI) taldeak hartu zuen bere gain. Azken asteotan, AQMIk segada ugari egin ditu Aljeriako hainbat tokitan. Iragan maiatzaren 20an beste bost jendarme hil zituzten Medea probintzian.

bahitua

AQMIk bahitutako Werner Greiner suitzarra bizirik dagoela esan zuen negoziatzaile batek Bamakon. Duela hiru aste britainiar bat hil zuen AQMIk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo