MFA enpresaren inagurazioa
Amikuzeko artasoroen erdi-erdian eraiki dute metalgintza-lantegia
Ezohiko jazoera izan zen atzokoan Arberatzen. Izan ere, laborantza-jarduera nagusi duen Ipar Euskal Herriko barnealdean industria lantegi bat instalatzea ez da egunero gertatzen. MFAk trenbide-gurutzaketak bertan fabrikatzeko parioa egin zuen eta atzo zabaldu zituen ateak.
Arantxa MANTEROLA | ARBERATZE
Enpresari, gizarte-eragile, politikari, hautetsi, teknikari eta MFAn (Materiel Ferroviaire d'Arberats) arituko diren hainbat langilerekin berrehun bat lagun bildu zen atzo Arberatzeko lurretan eraiki berri den lantegia inauguratzeko.
Duela bi urte abiatutako proiektuan parte hartu duten guztiek «garrantzi handiko jazoeratzat» jo zuten Nafarroa Behereko landa-lurren erdian, laborantzari lotua ez den lantegia instalatzea, «are eta garrantzitsuago industria jarduera izaki».
Saveur Bacho auzapezak ireki zuen hitz-hartze saioa, eta gogoratu zuen Urtsa Errazti enpresaburuarekin izan zuen lehen kontaktuak euskaraz egin zituela. «Herrian bizi eta lan egin» leloa egikaritzeko, batik bat krisi garaiotan, lurralde horretara «itxaropena ekartzen» duela nabarmendu zuen. Ingurumena zaintzeko eta baita bertako biztanleriarekin eta langileekin «elkarrizketa eta gardentasuna» oinarri izatea espero zuela gaineratu zuen.
Jarraian, beste hautetsi batzuek hartu zuten hitza. Akitaniako Kontseiluko presidentearen ordez, Frantxua Maitiak Laudioko enpresaria eta JEZ taldeko akziodun eta buruak eskertu zituen «abentura izugarri hau egia bilakatzeagatik».
Ondorio «imajinaezinak»
Jean-Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko presidenteordearen hitzetan, «mugaz gaindiko elkarlanaren eredu bikaina» izan da hasieran berrogeita hiru langile izango dituen enpresaren sorrera. «Ondorio imajinaezinak ekarriko» dituela adierazi zuen: «Landa-lurretako herrien `desertifikazioari' aurre egiteko, bertan garatu daitezkeen jardueren inguruko pentsamoldeak aldarazteko eta beste enpresen instalazioari bidea irekitzeko ere baliagarri izanen da».
Merkataritza eta Industria Ganberako presidente Jean-Marie Berckmansek, goi mailako teknologia erabiliko duen ekoizpena izaki, merkatu berriak erakartzea opa zion MFAri: «Gure bertako trenbideak hornitzeko ez ezik, Bilbo eta Bordele lotuko dituen abiadura handiko trenbiderako ere piezak egingo dituela espero dut». Berckamansek, lantegian 18 milioi eurotik gora inbertitu direla gogora ekarrita, hainbatetan adierazi duen moduan, «industriarik gabe garapen ekonomiko iraunkorra» ezin dela lortu berretsi zuen.
Pertsonalki «tematua»
Urtsa Errazti MFAko presidenteak, euskara, frantsesa zein alemana tarteka erabiliz, proiektuan parte hartu duen taldearen prestakuntza eta ahalegina goraipatu zuen, eta akziodunei eta langileei eskerrak eman zizkien. «Enpresa askoren lekualdatzeak gertatzen ari diren garai triste hauetan» harro sentitzen dela gaineratu zuen, ingurumenaren aldeko eta alor sozialean ere bere «engaiamendua» agertuz.
Fabrika Arberatzen zutitzeko «pertsonalki zertxobait tematu» zela aitortu zuen, «enpresarentzat egokia izateaz gain, 1936an nire aitonaren familia hartu zuen lurrari ere lotua natzaiolako» eta aurrean zuen aitari eskaini zion abuztuan produkzioari ekingo dion lantegi berria.
Trenbide-gurutzaketak egingo dira MFAn punta-puntako teknologia erabiliz. Errail paraleloak gurutzatzen direnean lotura egiteko piezak dira. Trena gero eta erabiltzaile gehiago dituen garraioa izaki, merkatua segurtatua dutela uste dute.
Lehuntzeko jarduera gune berria ofizialki inauguratu zen atzo. 40 enpresa biltzen dituen Mugerreko Europako merkantzia gunearen aldamenean, Lehuntzeko enpresa-gune berrian, 200 bat lanpostu sortzea aurreikusten dutela adierazi zuen Alain Iriartek, bi herrietako lan-eremuak kudeatzen dituen SMACEF herri elkargoaren ordezkari eta Pirinio Atlantikoetako kontseilari nagusiak.
«Mugerreko enpresa gunea sortu ondoren, hamar urtez lokarturik egon da Lehuntzeko eremua», argitu zuen Iriartek. Orain, 100 hektareatan hedatzen den Mugerreko garraio eta logistika enpresa eremuari Lehuntzeko gune berriko 20 hektareak gehituko zaizkio. Eremua, industria, ekoizpen eta zerbitzu arloetan lanean diharduten enpresei zuzendua izango da gehienbat. Iriartek esan zuenaren arabera, gunearen zati batean hotela, jatetxea eta kirol gune bat eraikitzen ari dira dagoeneko. Horrekin batera, enpresa txikientzako bulegoak ere eraikiko dira.
Beste zati batean, 2.000 eta 5.000 metro koadro arteko lursailetan banaturiko lantegiak kokatuko dira, batik bat. Beren enpresen egoitzak eraikitzeari ekin diete jada Samet-Bessonart eta Tendance Déco lantegiek.
SMACEF herri elkargoaren xedea, jarduera-eremuan kokatuko diren hamar bat lantegiri esker berrehun bat lanpostu sortzea da. Krisi ekonomikoa den garaiotan Lehuntze eta Mugerre herriek «lan jarduera sortzearen aldeko parioa» egin dutela nabarmendu zuen azkenik Iriartek.
Pierre Guillomontenia Lehuntzeko auzapezak, bestalde, herriko TPM lantegiaren itxieraren berri eman zuen. Lantegi hori Lehuntzen kokatua zen bakarrenetarikoa zelarik, aktibitate gune berriak «itxaropenari» lekua egin diola nabarmendu zuen. «Hogeita bost lanpostu zituen TPM lantegiak ateak itxi arren, eskaera handia dago zonalde honetan kokatzeko. Gunea berehala beteko den esperantza dugu», gaineratu zuen auzapezak. Orotara, Mugerreko Merkantzia zentroak seiehun lanpostu biltzen ditu.Ainize BUTRON