GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Jon Anza non dagoen galdetu diete epaile frantsesei Parisen eta espainiar printzeei Bilbon

Parisen zein Bilbon salatu zuten atzo Jon Anza militantearen desagerpena. Lehendabizikoan, auzitegian, auzipetuta dauden zazpi euskal herritarren eskutik, eta Bilbon, berriz, Felipe de Borbon eta Letizia Ortizen aurrean. Kolpeak jaso zituzten bueltan «Jon non dago?» itaundu zutenek.

p013_f02_312x312.jpg

GARA |

Jon Anza ETAko militantea desagertu zenetik bi hilabete igaro direnean, gertaera honen salaketak Parisko auzitegietan ere izan du oihartzuna. Estatu frantseseko hiriburuan zazpi euskal herritarren aurkako epaiketa hasi zen atzo; hain zuzen, Eiheralarreko Jean-Marie Saint Pee, Josetxo Zeberio ataundarra, Otxandioko Enrike Garate, Ibon Elorrieta bilbotarra, Jon Kepa Preciado santurtziarra, Iñaki Esparza iruindarra eta Bidarteko Diego Ibarra dira auzipetuak, eta Anzaren desagerpena salatu zuten auzitegian. Anzaren argazkia eta «zer egin duzue?» galdera agertzen zuten kamisetak soinean zituztela egin zuten salaketa auzitegi berezian.

Esparzak gainera, epaiketaren une batean hitza hartu eta militante abertzale honen desagertzearen erantzule jo zituen Estatu espainoleko eta frantseseko polizia indarrak. Gertaera hauek «Estatu terrorismoaren» baitan kokatu zituen iruindarrak eta «Non dago Jon?» eta «zer egin duzue berarekin?» galdetuz amaitu zuen hitz saioa.

Ibarrak izan ezik, gainontzekoek espetxean eman dituzte azken bost urteak, guztiak 2004ko otsaila eta apirila bitarte atxilotu baitzituzten polizia operazio ezberdinetan.

Esparzak, auzipetuek epaitegia aintzatesten ez dutela esan eta «Eusko Gudariak» abestu zuen salaketa egin ondoren. Gainerako auzipetuek eta haiei elkartasuna helarazteko Euskal Herritik bertaratutako hamarka lagunek bat egin zuten Esparzarekin eta epaileak epaiketa eten zuen.

Parisko epaitegian gertatutakoa ez zen, ordea, Anzaren desagerpena salatzeko izandako ekimen bakarra. Bilbon Felipe de Borbon eta Letizia Ortiz printze-printzesa espainolei ere «Jon non dago?» galdetzen saiatu ziren atzo hiru herritar. Erantzun gisa, ordea, identifikatu eta kolpekatu egin zituzten Ortiz eta Borbonen segurtasun indarrek.

Bilboko Ercilla hotelaren atarian jazo ziren istiluak Felipe de Borbon eta Letizia Ortiz bertan egiten ari diren teknologia zentroen inguruko jardunaldien harrera ekitaldira zihoazenean. Patxi Lopez lehendakaria ere bertan izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo