Ipar Euskal Herriko barnealde industriala
Bitxia, ezohikoa bederen, gertatuko zaio Ipar Euskal Herriko barnealdea ezagun duenari Amikuzeko Arberatzen (Nafarroa Beherea) metalgintza-lantegi bat ikustea. Nolanahi ere, duela bi urte abiatu zuten proiektua egitatea da atzodanik, non eta laborantza ia jarduera ekonomiko bakarra duen inguru batean. MFAk trenbide-gurutzaketak egingo ditu, puntako teknologia erabiliz. Horrenbestez, etorkizun ona sumatzen dute lantegi berriaren arduradunek.
Mundu mailako aspaldi handiko krisialdi ekonomikorik larrienean, horrelako proiektua apustu ausarta da, zalantzarik gabe, baina aintzat hartzekoa, hainbat arrazoi direla-eta. Sortuko dituen lanpostuek ez ezik, aukeratutako lekuak -egun jarduera horretarako bitxitzat jo litekeenak- ere berebiziko garrantzia ematen dio proiektuari. Izan ere, Ipar Euskal Herriko jarduera ekonomiko bakarra laborantza eta horrekin loturiko lantegiak dituen eskualdea izanik, eta herrietako gazte askok, barnealde osoan bezala, etorkizuna emigrazioan baizik ikusten ez dutelarik, industriaren aldeko apustuak haize kontrakoa irudi du, estatu-haizearen kontrakoa, bederen. Baina Nafarroa Behereko eta oro har Ipar Euskal Herriko bizilagunen beharren aldekoa, zalantzarik gabe. Uste izatekoa da horrelako ekimenak bultzatzea administrazioen eginbeharra direla; alta, egia arras bestelakoa da, administrazioen antolaketak ez die erantzuten herri behar horiei, bestelako interes «jasoago» batzuei baizik, eta -proiektu horrek administrazioaren laguntza jaso badu ere- eragile izan beharrean, atzetik eta uzkur mugitzen dira. Horregatik txalotzekoa da eskualdearen garapena eragin dezakeen proiektu hori.
Atzo inauguratutako lantegia lagin txikia besterik ez da, baina esandakoagatik esanguratsua, Ipar Euskal Herriko barnealdean industriak bere lekua izan dezakeela erakusten duena eta herrien iraupena eta garapena beraien baitatik baino ezin dela bermatu gogorarazten duena. Alde horretatik, beraz, eredugarria da eta arrakasta merezi du, eskualdeak garapen ekonomiko orekatuari dagokionez izan ez duen arrakasta.