Metalaz, rockaz eta elkartasunez beteriko asteburua
Hatortxu Rock-ek aldarrikapenez eta festaz beteko du Lakuntza
Dagoeneko dena prest da Lakuntzan (Nafarroa) Euskal Herrian inoiz ospatu den elkartasun jaialdirik erraldoiena hartzeko. Arratsean abiatu eta igande iluntzera bitarte, 60 musika talde baino gehiagok hartuko dute parte, elkartasunak eta festak bat egingo duten jaialdi historikoan.
Koldo OTAMENDI | LAKUNTZA
Aurtengo Hatortxu Rock jaialdia berezia izango da zentzu guztietan. Duela hamarkada bat Berriozarreko frontoian abiatu zen ekimen xumea, azken urte hauetan erreferente bilakatu da Euskal Herrian egiten diren jaialdien artean. Zifra borobila baliatuta, gaur bertan abiatuko da hiru egun iraungo duen egitaraua. Musika izango da protagonista nagusia, eta aldarrikapenak eta festak bat egingo dute gitarra akordeekin batera.
Egunak dira errepidetik karpa eta agertoki ezberdinak ikus daitezkeela autobiaren bi aldeetara. Asteak dira, dozenaka boluntario Lakuntzako larreetan antolaketa lanetan dabiltzala, agertokiak eta hesidurak jartzen,jaialdia hasterako dena behar den bezala egoteko.
Bost gune izango dira erabilgarri, guztiak elkarrengandik gertu, herri eta kanpalekutik minutu gutxira. Herri gunean, kale animazioak eta musika talde gazteen eskaintza nagusituko da, mahai-inguru eta erakusketekin batera.
Beriain gunean, berriz, kontzertu garrantzitsuenak prestatu dira zeru irekian egingo diren emanaldietarako. Hantxe arituko dira, RIP, Berri Txarrak, Banda Bassotti eta Kop talde esanguratsuak. Igande eguerdirako, Hatortxuko ekitaldi nagusia hartuko du honako guneak. Utsaia guneko kontzertuak, berriz, karpa erraldoiaren azpian izango dira. Bertako eskaintza ere indartsua da zinez: Des-Kontrol, Deabruak Teilatuetan, Governors eta Lendakaris Muertos arituko dira bertan. Jantoki gunean, indarrak hartzeko beta izango dute kanpaturik dauden milaka lagunek. Bertan, musika lasaia entzuteko aukera izango da, Morau eta Agotak edo Jabi Gutierrezen emanaldiekin. Bidezar gunean berriz, mahai-inguruak izango dira nagusi. Aipatzekoen artean, larunbat arratsaldean Arnaldo Otegik iragarria zuen hitzaldia ezin izango du eman. Bere ordez ezker abertzaleko beste kide bat izango da hizlari. Igandean, berriz, Hatortxu Eguna dela eta, haurren txoko bilakatuko da.
Kanpalekua gune guztietatik gertu dago. Milaka lagunentzako tokia egongo da, eta bertan ezarriko dira kanpin-denda guztiak. Kanpalekuan bertan, komunak, dutxak, kafetegia eta denda txiki bat egongo dira, ogia, esnea eta egunkaria erosteko. Horren harira, Garak jarraipen berezia egingo du egunez egun. Sarrerak eskuratu ez dituztenek, Lakuntzan bertan erosteko aukera izango dute, inolako arazorik gabe.
Nagusiki, Euskal Herriko musikazaleak izango dira Hatortxu Rockera gerturatuko diren gehienak. Euskal Herriko txoko eta herri askotatik milaka lagun hurbilduko dira Lakuntzara, Hatortxu 10 errepikaezina izango den jakitun. Alta, hiru egunetarako prestatu den kontzertu afixak Estatu mailan ere eman du zer esana. Zentzu horretan, ugariak izango dira atzerritik etorriko diren zaleak.
Hatortxu Rock herritik herriarentzat sortzen den musika egitasmoa dugu. Urtero bezala, bertan sortuko diren diru sari guztiak, euskal preso politikoen sakabanaketa politikak eragindako kostu ekonomiko izugarriari aurre egiteko erabiliko dira. Aurtengoan, musika talde guztiek bat egin dute jaialdiaren filosofiarekin, eta honakoan musika taldeek ez dituzte euren katxeak kobratuko. Soilik gastuen truke joko dute Lakuntzan. Musika industria indartsuaren eta milaka euro mugitzen dituzten kontratu guztien gainetik, musika taldeek ere jarriko dute bere tanta elkartasun itsasoan.
RIP taula gainean
Berezia izango da berriz ere RIP talde mitikoa taula gainean ikustea. Euskal Herrian egindako punk musika ulertzeko ezinbesteko taldea da arrasatearra. Bere diskografia laburra izan arren, bandaren kantuak betirako tatuaturik geratu dira gure musikaren historiaren liburuan, bai eta milaka zaleen barnean ere.
Karlos Agirreurreta Mahoma (ahotsa), Eduardo Mancebo Portu (baxua), eta Txerra (bateria) eta Yul (gitarra) Bolinaga anaiek osatu zuten RIP 1981. urte inguruan. Taldearen jarduna, 90eko hasiera bitarte luzatu zen eta ondoren itzulera ezberdinak izan zituzten. 1999. urtean Portu hil zen, eta 2003an, berriz, Karlosek esan zigun agur. Geroztik, RIP taldea ez da taula gainera igo.
Beraz, gaur, 01:45ean, RIP bandak Lakuntzago gunean eskainiko duen kontzertua errepikaezina izango da: gaur eta ez gehiago. Ez da itzulerarik izango, ez eta kontzertu bira ikusgarririk argi distiratsuen azpian. Gaur, eta Hatortxu Rocken soilik itzuliko da RIP taula gainera.
Dena den, emanaldi berezi honetarako, talde era berezia osatu dute RIPekoek. Musikari bezala, eta hasierako kideak diren Yul eta Txerra anaiekin batera, Osoron ariko da baxua jotzen (Gose taldean dago egun, besteak beste, The Kagas proiektuan aritutakoa).
Abeslari lanetan, berriz, Euskal Herriko zenbait musika bandetako kantariek hartuko dute Mahomaren mikrofonoa. Beste batzuen artean, Etsaiak taldeko Auok, Juan Ekonek eta Fer Kuraiak jarriko diote ahotsa RIP taldearen musikari.