GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

Astana Taldeak «beharrezko bermeak» ditu denboraldi amaiera arte

Arazo ekonomikoak gainditu eta Tourrean izango da

Tom Booneni ez diote urteko probarik garrantzitsuenean parte hartzen utziko.

p029_f02_148x096.jpg

GARA | DONOSTIA

Astanak prentsa ohar baten bidez adierazi zuenez, taldeak arazo ekonomikoak gainditu ditu, eta «taldeko txirrindulariek eta langileek denboraldi amaiera arte lehiatzeko beharrezko bermeak dituzte». Beraz, Lance Armstrong, Alberto Contador eta Haimar Zubeldiaren taldeak hemendik bi astera hasiko den Tourrean parte hartu ahal izango du.

Aipatutako idatziak azaltzen duenez, Johan Bruyneel Astanako zuzendari teknikoa akordio batera iritsi da Kazakhstango Txirrindularitza Federazioarekin. «Akordio honek taldeak 2009ko apiriletik izan dituen diru arazoak konpondu ditu. Ekainaren 10ean, Kazakhstango Federazioak bere zorrak ordaindu ditu Olympusekin, eta Kazakhstango Gobernuak eginiko promesak guztiz bermatuta daude», nabarmendu zuen Astanak.

Printzipioz Tourrean egongo ez den txirrindularia Tom Boonen flandiarra da. Hala adierazi zuten atzo Grande Boucle-ko antolatzaileek, txirrindulariak apirilean kokainan positibo eman ostean, «Tom Boonenen irudia eta portaera ez datozelako bat Tourraren irudiarekin».

Bestalde, Igor Astarloa Ermuko txirrindulariaren taldeak, Amica Chips-Knaufek, adierazi duenez, «errugabetasun-presuntzioak beste edozein baldintza baino balio handiagoa duelako, gure txirrindularia ez zigortzea erabaki dugu».

Herenegun jakinarazi zenez, UCIk, beste txirrindulari batzuen artean, Igor Astarloaren aurkako araubidezko prozedura bat ireki zuen, «dopinaren aurkako araudiaren itxurazko bortxaketagatik».

Suitzako Itzulia

Kirol arloari dagokionez, Mark Cavendishek laugarren garaipena eman zion Suitzako Itzulian bere talde Columbiari. Atzokoarekin, gainera, 24 urteko britainiarrak bi etapa irabazi ditu proba honetan.

Britainia Handiko txirrindulariak esprintean lortu zuen garaipena, Freire espainiarraren eta Gavazzi italiarraren aurretik sartuta. Sailkapen nagusian, Valjavec lider jarraitzen du eta Cancellara suitzarra bigarren da, 9 segundora.

Hegoaldeko Ibilbidea

AG2R taldeko Nicolas Rousseau izan zen azkarrena Hegoaldeko Ibilbideko lehen etapako helmugan. Lau iheslari sartu ziren batera Pauen hasi eta bertan amaitutako helmugan, baina frantsesak Fumiyuki Beppu (Skill), Pivois (Bretagne) eta Castaño (Xacobeo) txirrindularien aurretik sartzea lortu zuen.

Herbeheretako Ster Elektrotoer proban, Andre Greipelek (Columbia) lortu zuen bigarren etapako garaipena, esprintean Danilo Napolitano eta Tom Boonen espezialistak atzean utzita.

EMAKUMEZKOEN TOURRA

Emma Poley (Cervelo) txirrindulariak lortu zuen atzo Emakumezkoen Tourreko 18,3 kilometroko lehen etapa kronometratua, 25.12.45 eginda. Lehen euskalduna Eneritz Iturriaga izan zen, hamazazpigarren geratu zena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo