Blanca Izkue | Musikagintzako langilea
Hegazkinak, irratiak eta zenbait perturbazio
Albistea joan den asteazkenean hedatu zen, zur eta lur utzi gintuena: Radio Euskadik, Euskadi Irratiak, Euskalerria Irratiak eta Radio Mariak Erreniega mendatean dituzten errepikagailuei esker dituzten emisioak hil honen 30a baino lehen eteteko agindua jaso dute Nafarroako Gobernuko Komunikazio arloko zuzendaritza nagusitik.
Aireko nabigazioaren zaintzaz arduratzen den AENA erakundeak ere mendate horretan bertan du bere antena, Noaingo aireportuarekin komunikatzeko. Abiazio zibilaren ardura duen erakundeak berriki aurkeztutako txosten batean, Erreniegan kokaturiko zenbait irrati errepikagailuk «perturbazio larriak» eragiten dituzte hegazkin eta Iruñeko aireportuko kontrol dorrearen artean. Joakin Ortigosak zuzenduriko Komunikazio Sailari txostena ezin hobeki etorri zaio lau irratiei emisioak eten ditzaten agintzeko. Irrati euskaldunak eta «baskoak». Radio Mariak, alboko eraginak jaso ditu. Irratia erlijiosoa da, ez OPUSekoa. Gaitzerdi, entzule nafarrentzat.
Nafarroako Gobernuaren agindua den astakeria kokatze aldera, esan beharra dago Nafarroako Gobernuak eskumenik ez duela afera honetan, uhinen arloa Madrilgo Industria Ministerioari dagokiolako. Horrez gain, AENAk zazpi irrati aipatzen ditu interferentzien eragile bezala. Horietatik lizentzia administratiborik ez duen bakarra Euskalerria irratia da, eta Ortigosaren esanetan, alegaltasun egoera horrek eragiten du akatsa: alegalek nahi duten tokia erabiltzen dute emititzeko, eraginei erreparatu gabe. Hegaldiak nozitzen dituzten interferentziek istripuak eragin ditzakete, eta horrekin alarma soziala piztu nahi dute. Ez dute irratirik itxi nahi, herritarron segurtasuna bermatzea baizik. Ziniko halakoak.
Hau guztia, artean 21 urtez Iruñerriko irrati euskaldun bakarrak behin eta berriz emititzeko lizentzia eskatu duelarik. Europako Hizkuntza Gutxituen euroitunaren gomendioari jarraiki, Nafarroako Parlamentuak berak (UPNk salbu) irrati honek egindako lana aitortuz, lizentzia ematearen aldeko ebazpena joan den apirilean sinatu duenean.
Orain aste gutxi, Gobernuak Nafarroan euskararen ezagutza eta erabilpena neurtzen duen inkesta baten emaitzak plazaratu ditu. Eremu mistoko euskaldunek (Iruñerrikoak barne) gehien baloratzen dituzten kultur eskaintzak irrati euskaldunak eta euskal musika dira. Bada, agindu honek Iruñerria irrati euskaldunik gabe utziko luke orain. Maltzurrak gara albisteak interpretatzen, ala euskararekiko perturbazio larriak pairatzen dituzte Nafarroako agintariek?