GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Aralarrek bere kudeaketa «txarra» ezkutatu nahi duela esan du Zaldibiako ezker abertzaleak

Janire ARRONDO |

«Bakarrik» geratu direla argudiatuta, joan den ekainaren amaieran iragarri zuen Zaldibiako Aralarrek uztailean Udaleko zinegotzi karguak utziko dituela. Errua Zaldibiako ezker abertzaleari egotzi ondoren, azken hauek Udalaren kudeaketaz Gipuzkoako Aldundia arduratzea ez dutela onartuko adierazi zuten.

Egoera honen inguruan azalpenak emateko Zaldibiako ezker abertzaleak atzo eginiko agerraldian adierazi zuenez, «EAE-ANVko lau zinegotziek lanean jarraitzeko prestutasuna eta determinazio osoa dute eta ez dugu herritarrek emandako konfiantza zapuztuko».

Zaldibiako ezker abertzaleko hautagai Amaia Etxabek azaldu zuenez, «Zaldibiako herritarrek bizkarra eman diote Aralarren izenean aurkeztutako udal taldeko zinegotzien kudeaketari».

Duela bi urteko udal hauteskundeetan 435 boto jaso zituen talde honek, legez kanporatutako EAE-ANVk bezalaxe. Zaldibiako Udala osatu zenetik, «ezker abertzaleko kideok mahai gainean jarritako proposamen guztiak albo batera utzi dituzte», esan zuen Etxabek. Besteak beste, proposamen horien artean ziren alkatetza bi urtero txandakatzekoa eta Loreg legea aplikatzekoa. Horren ordez, «Aralarrek alkatetza bereganatu, herritarrek eman ez zioten zinegotzia lapurtu eta, azkenean, nahi zutena egiterik ez zutela ikusita, nahiago izan dute Udala Gipuzkoako Aldundiaren esku utzi», salatu zuen hautagaiak.

Aralarrek Zaldibiako Udala uzteko asmoa «arduragabekeria galanta» dela esan zuen Etxabek. Beren ustean, «Aralar koalizioaren barnean helburu talka izan dute, alderdi honek PP, PSOE, EA eta EAJren bozak izan baititu». Hautagaiak adierazi zuenez, «udal taldearen osaketa askotarikoa izatea ere beraien arteko batasuna ezker abertzalearen aurkako estrategian bat egitera mugatzen da».

«Arreta piztu dute»

Aralar Zaldibiako Udalean aritu den denbora tartean eginiko lan edo proiektuek, Etxaberen esanetan, «herritarren arreta piztu dute zinegotzien inkoherentziagatik». Bestalde, Zaldibiako Aralarrek argitaratutako azken aldizkarian beraienak ez diren hainbat proiektu ere euren egitasmo gisa saldu nahi izan dituztela argitu zuen. «Ezker abertzalearen legegintzaldietan landuriko proiektuak eurenak bailiran agertu dituzte, eta hori egiteak agerian uzten du gure lanaren eta gestioaren balioa».

Ezker abertzaleko kidearen hitzetan, Aralar Udalean sartu aurretik, hainbat proiektu bideraturik zeuden. Beste batzuk aldiz, «Aralarren moldekoak izan dira, baina, gaur gaurkoz horien bideragarritasuna zalantzan dago».

Hala ere, pozik agertu dira ezker abertzaleko kideak, «izan ere, zailtasunak zailtasun, ez dugu zalantzarik Zaldibian ezker abertzalearena dela konfiantza handiena ematen duen herri proiektua».

Beste eredu baten bila

Aralarrek Udala uzteko eginiko iragarpenaren aurrean Etxaberen hitzetan, «argi geratu da udalerria kudeatzeko modu batek ez duela balio, eta bazterketa gaindituko duen beste eredu bat aurkitu behar dugu». Horrela, kargu uzteen ondorioz, Udaleko baldintzak onenak ez diren arren, prozesuari heldu eta datozen bi urteotarako lan plangintza proposatu du ezker abertzaleak.

Hasteko, irailera bitarte, herriko arau ordezkatzaileak eztabaidatzeko bitartekoak jartzea izango da ezker abertzaleko kideen egitasmoa. Bitarteko horiekin jendearen parte hartzea bultzatu eta ziurtatu nahi dute, «prozesua ahalik eta aberatsena izan dadin», argitu zuen Etxabek.

Horretarako, herrian bertako nahiz kanpoko edozein pertsona edo kolektiboren ekarpena eta lagungarri izango diren adituen iritziak biltzen saiatuko direla esan zuen Etxabek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo