GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Gizartearen eta boterearen premiak

Gobernu espainolak garrantzi handia eman dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Alderdien Legea ontzat jo izanari. Haren kontra agertu balitz, Zapateroren Gobernuak atzera egingo al zuen? Beste batzuetan kanpoko auzitegien erabakiez edo nazioarteko erakundeen gomendioez ez du iruzkinik egiten, eta are gutxiago kasurik. Europako auzitegiak gizarte premian oinarritu du bere ebazpena. Nola jakin du premia «gorri» horren berri? NBEko kontalariek, esate baterako, tortura susmoak adierazi baino lehen bertatik bertara ikertu zuten. Eta zer da gizarte premia? Ikertu gabe ere lasai asko (beraz, kezka handiz) esan daiteke etxebizitza dela gizarte premia, baina auzitegiek ez dute premia hori asetzeko ebazpenekin denborarik alferrik galtzen.

Orain gizarte premia biktima jakin batzuk mindu litzakeen edozein sinbolo edo agerpen ezabatzea ere ba omen da. Orain eta duela hiru urte, eta ez gara frankismoaren sinbologiaz ari, euskal presoen argazkiez baizik. 2006ko martxoaren 3an, Gasteizko sarraskiaren 30. urteurrenean izan zen manifestazioan kartzelan hildako bi presoren argazkiak eramateagatik Ertzaintzak hiru lagun atxilotu zituen, «terrorismoa gorestea» egotzita. Txostena Auzitegi Nazionalera bidali zuen, baina hark ez zuen halakorik sumatu eta kasua artxibatu egin zuen. Hala ere, Ertzaintza beste bide batetik ere saiatu zen eta datorren asteartean hiru lagun horiek, Andoni Txasko eta Josu Ormaetxea 76ko martxoaren 3an Polizia espainolak larri zauritu zituenak eta Aitor Fernandez de Ortega «desordena publikoak, erasoak eta lesioak» leporatuta epaituko dituzte, 2006ko martxoaren 3ko manifestazio hartan desordena publikoak, erasoak eta lesioak eragin zituzten bakarrak ertzainak izan ziren arren. Ni, milaka lagun bezala, lekuko.

Egunero entzuten dugu ez dela zilegi indarkeriaren bitartez ezer lortzea. Iritzi horretakoa izan ninteke ni ere, baina historian zehar bortizkeriarik handienaz lortutako botere eta pribilegioak ontzat jo eta horiek babesteko poliziak eta epaileak erabiltzen dituztenen ahotik entzunda... tolesgabe samarra izanda ere, kosta zait sinestea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo