GARA > Idatzia > > Mundua

Goi mailako epaile bati eta Ogasunari eraso egin diete lehergailuz Atenasen

Estatu Kontseiluko presidente Panagiotis Pikrammenos epailearen autoari eta Greziako Ogasunaren egoitza bonbaz eraso egin diete Atenasen. Immigrazioaz arduratzen den institutu bati ere eraso diote. Poliziak Borroka Iraultzailea taldeari leporatu dizkio atentatuak.

p025_f01_148x116.jpg

GARA

Ogasuneko egoitza baten eta Immigraziorako Institutuaren aurkako atentatua izan zen atzo Atenasen. Erasook ezkerreko taldeei leporatu dizkiete. Ostegunean, berriz, Estatuko Kontseiluko presidentearen ibilgailuaren kontra jo zuten, Greziako administrazio agintari nagusiaren aurka.

Atzo goizaldean lehergailu batek eztanda egin zuen Ambelokipi auzoko zerga zerbitzuko bulego baten aurrean, Atenaseko erdigunetik hurbil. Sutea eta kalte materialak eragin zituen, Greziako Poliziak esandakoaren arabera.

Leherketa jazo baino ordu erdi lehenago, 04.37an [03.37an Euskal Herrian], ezezagun batzuek telefonoz deitu zuten bi egunkaritara bonba jarri zutela ohartarazteko, Poliziaren esanetan.

Borroka Iraultzailea susmopean

Poliziaren «terrorismoaren» aurkako zerbitzuek hartu dute gertatutakoa ikertzeko ardura. Borroka Iraultzailea (EA) izan da atentatu hauen arduraduna, iturri horien arabera.

Borroka Iraultzaileak Atenaseko AEBetako enbaxadaren aurka suziri bat bota zuen 2007an.

Borroka Iraultzailea Europar Batasunaren «talde terroristen» zerrendan dago. Otsailean Atenaseko mendebaldeko Korydallos auzoko komisaria bati eraso egin zion granadekin.

Horrez gain, Borroka Iraultzailea taldeak bonbaz egindako atentatuak aldarrikatu ditu. Horien artean, Ameriketako Estatu Batuetako Citibank banketxeko egoitza baten aurka egindakoa.

Epaile baten kontra

Poliziak esandakoaren arabera, ostegunean Estatu Kontseiluko presidente Panagiotis Pikrammenos epailearen ibilgailuaren azpian ere lehergailu bat jarri zuten.

Ibilgailua Estatu Kontseiluko egoitzatik gertu zegoen aparkatuta, Atenaseko erdigunean. Leherketak ibilgailua suntsitu zuen, baina ez zuen zauriturik eragin.

Bestalde, gasolina bota eta su eman zioten atzo immigrazioari buruzko ikerketak egiten dituen Imepo institutuaren egoitzari. Barne Ministerioaren menpekoa da erakunde hau. Erasoak kalte txikiak eragin zituen.

Imeporen erakusleihoa suntsituta gelditu zen eta altzariak kiskalita.

Greziako Poliziako eledun Panagiotis Stathisen hitzetan, litekeena da atentatu hauek «ezker muturreko talde autonomoen ardura izatea, baina ez dute loturarik Borroka Iraultzailea taldearekin».

2003

Borroka Iraultzailea (Epanastatikos Agonas) ezkerreko talde armatua 2003. urtean sortu zen. AEBetako enbaxadaren, Greziako Gobernuaren egoitzen eta komunikabideen aurkako erasoak egin dituzte.

ugariak

Atenas eta Salonika hirietan oso ugariak izan dira azken urteotan mota honetako atentatuak. Gehienak ezkerreko taldeei edo mugimendu anarkistari egozten dizkio Greziako Poliziak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo