GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Sega Nazioarteko era

Mutiletan txapela janzteko hiru hautagai ageri dira

Emakumezkoetan ez da horrelako emoziorik ageri, Arrate Garinek ia eskuetan baitu garaipena. Hirugarren eta azkenengo jardunaldia bihar eguerdian, 12.00etan hasita, jokatuko da Zaldibian.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Almitza elkarteak antolatzen duen nazioarteko erako Euskal Herriko ligak amaiera izango du bihar, Zaldibian 12.00etatik aurrera jokatuko den azken lehian. Aurretik bi jardunaldi jokatu dira, eta honekin erabakiko da aurtengo txapelketa.

Nesketan ez dago aparteko emoziorik, Arrate Garinek txapela ia poltsikoan baitauka. Baina gauzak bestela daude mutiletan. Hiru izen ageri dira, baina faboritoa Gabirondo da, bera baitago aurreneko postuan. Puntu bakarra kentzen dio Lizasori eta bi Mitxelenari.

Beraz, garbi dago txapela hiru hauen artean dagoela. Aurreko bi jardunaldietan ere beraiek izan dira lehen hiru postuetan, eta oker handirik ez bada, txapela hiruretako batek eramango du. Gabirondo dago lehen postu horretan. Berak, aurten, gainera nazioarteko eran jokatu den Gipuzkoako txapela ere irabazi zuen, eta gogo biziz joango da. Azkeneko saioa, ordea, Lizasok irabazi zuen, eta betiko erako Gipuzkoako txapela joan den astean jantzi zuena indarrez gainezka helduko da azkeneko jardunaldi honetara.

Beraz, beste lehiaketa batzuetan izan bada ere, beste biak aurten jadanik txapelak jantzita datoz, eta norbaitek esango du, oraingoa Mitxelenari egokitzen zaiola. Berak ere oso maila ona eman du. Iaz izan zituen lesioak apur bat baztertu ditu, eta garaipenaren bila helduko da, nahiz eta berak irabazteaz gain, Gabirondok eta Lizasok orain baino emaitza txarragoak lortu beharko dituzten. Nesketan, berriz, ez dago ikusmin handirik. Orain arte Arrate Garin besteen gainetik agertu da, eta oso zail izango dute besteek hari txapela kentzea. Orain arteko bi saioak ere irabazi ditu, eta baita nazioarteko eran jokatu zen Gipuzkoako txapela ere. Beraz, ezeren okerrik ez dela, beretzat izango da garaipena.

Aizkora

Aizkora jokoa berrindartzen ari dela inork ez du jadanik zalantzan jartzen, eta horren erakusle izango da gaur eguerdian Gernikan jokatuko den Bizkaiko Bigarren Mailako finala (13.00). Orain arte, herrialde horretan beti maila bakarra egon da kirol honetan, baina aurten gazte asko agertu dira horretan aritzeko prest eta Bigarren Maila sortzea erabaki dute. Parte hartuko dutenak honako hauek izango dira: Basterretxea, Gallastegi, Oregi, Lekue, Goiria eta Isazabal. Maila honetan faboritoak aipatzea oso zaila da, guztiak baitira berriak lehiaketetan. Bi nabarmentzekotan, Oregi eta Lekue, biek hartu baitzuten parte aurten Bakarkako Urrezko Aizkoran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo