GARA > Idatzia > > Kultura

«Zazpi etxe Frantzian» eta Stieg Larssonen trilogia, saridun Liburu Azokan

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Donostiako 24. Liburu Azokaren abiapuntu gisa finkatu zuen Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak atzoko Zilarrezko Euskadi Sarien banaketa. Bernardo Atxaga asteasuarrak jaso zuen sarietako bat, «Zazpi etxe Frantzian» (Pamiela), bere azken lanari esker. Bigarren sariduna, Destino argitaletxea izan zen, Stieg Larssonen eleberri bilduma arrakastatsuagatik.

Atxagak ezinbestekotzat jo zuen euskal kulturaren eta literaturgintzaren «zentralitatea» mantentzea. Horrela, Tangerreko Liburu Azokan gertatutako adibidea baliatu zuen azalpena egiteko: «Arratsaldeko zazpiak jota, bi liburu erosi nituen, frantsesezko zein arabierazko bertsioetan eskuragarri zeudenak, eta saltzaileak aitortu zidan egun hartan saldu zituen lehenengo bi aleak zirela. Beste postuetara joan nintzen inkesta antzeko bat egitera, eta erantzunak errepikatu egin ziren; gutxi edo ezer ez zuten saldu azoka hartan».

Jazoera hartatik, Atxaga ondorio zehatza batera iritsi zen: hiztun kopuruak ez du zerikusirik salmentarekin. Hots, «arabierazko milaka hiztun dauden arren, Afrika iparraldeko literatura jarduna kolokan dago, inork ez du libururik erosten». Euskal Herrian, ordea, «orain 40 urte sinestezina zena lortu dugu, eta horri eutsi behar diogu», azaldu zuen.

Bere hitzetan, garrantzitsua da jakitea «kultura bat eguzki-sisteman non kokatuta dagoen, zentralitaterik ba ote duen». Hala, zentraltasun horrekin jarraitzeko apustua egin zuen, «edozein gizarterentzat oso galgarria den kokapena delako». Bere aldetik, mundu osoko irakurle askorentzat Stieg Larsson suediarra idazle guztiz ezezaguna zen orain urtebete bere lanek planetari bira eman zioten arte. Bere eleberriek, nobela beltzaren eta klasikoaren zantzu nabariak dituztenak, Suediako gizartea kritikatzen dute. Hala ere, bertako biztanleengan ikusmin handia eragin zuen, eta kasik %50ek irakurri ditu bere eleberriak.

Destino argitaletxeak zabaldu zuen suediarraren lana Euskal Herrian eta bertako arduradunetako batek jaso zuen saria. Bere esanetan, Larssonen lanek gobernuetako kanpaina askok lortu ez dutena lortu du; adin guztiko jendearengan irakurzaletasuna sortzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo