GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ohorezko lekuan ipini dute bandera espainola Lakuako administrazio egoitzetan

p019_f02_36132.jpg

GARA |

PSEren Lakuako Gobernu berriak bandera espainola Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko erakunde guztietan inposatu du jada; azkena, euren egoitzetan, Lakuako Gobernuaren administrazio eraikinetan ipintzea. Eta ez edonon, ohorezko lekuan baizik: ikurrinaren eta Europako banderaren tartean. LAB sindikatuak elkarretaratzeak deitu ditu astelehenerako, hilak 6, 11.00etan, Bilboko eta Gasteizko administrazio egoitzen aurrean.

Ostegun iluntzean jarri zuten eta atzo goizean Gasteizko Gobernuaren administrazio egoitzetako langileek bandera espainola ohorezko lekuan zela hasi zuten lan eguna. Iaz, PSOEren Gobernu espainolaren laguntzaz, bandera espainola euskal erakundeetan inposatzeko abiarazi zuten dinamikak jarraipen estua izan du azken hilotan alderdi politiko bereko Gasteizko Gobernuaren eskutik.

1936an altxatutakoen koloreak

«Inposizio honek talka egiten du administrazio honek zerbitzatu beharko lukeen gizartearen gehiengo zabalaren identitate-sentimenduarekin», salatu zuen atzo LABek ohar bidez.

Alde horretatik, PSEren Gasteizko Gobernu berriak Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko herritarren gehiengoa ez duela ordezkatzen argi nabarmendu zuen.

«Krisi ekonomikoari aurre egin beharrean, eta administrazioa eraginkorrago bihurtu eta modernizatu beharrean, Euskal Herriko hiritarron zerbitzuan egon dadin, azkenaldi honetan Lopezen lehentasunak hauek izan dira: euren publizitatea egitea denon diruaz ordainduta, eta 1936ko uztailaren 18an altxatutakoen koloreak inposatzea hiritar eta langile publiko guztioi», gaitzetsi zuen sindikatu abertzaleak.

LABen salaketaren arabera, bandera espainolak Gasteizko eta Bilboko egoitzetan jarri dituzte. Gasteizen, sarrera nagusian bertan, eta Bilbon, berriz, teilatuan. Hala, inposaketa hori salatzeko eta PSEren jarrera errefusatzeko, sindikatu abertzaleak elkarretaratzeak egingo ditu bi hiriburuotan astelehenean, 11.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo