GARA > Idatzia > > Ekonomia

Petrolioaren prezioak ezohiko igoera izan zuen espekulatzaile baten azpijokoaren ondorioz

Petrolioaren prezioak ohiz kanpoko igoera izan zuen joan den asteartean, Brent upela, inolako arrazoirik gabe, bi dolar baino gehiago garestitu zen-eta. Espekulatzaile baten azpijokoa izan liteke igoera eragin duena.

p031_f01-148x119.jpg

GARA

Brent petrolio upelaren prezioak joan den asteartean izan zuen bat-bateko igoera espekulatzaile batek egindako jukutriak eragin zuen itxura denez. Izan ere, inolako arrazoi garbirik gabe, bi dolar baino gehiago igo zen. «Financial Times» egunkariak argitaratu duenez, PVM Oil Associates enpresako trader batek egin zuen azpijokoa. Enpresa burtsatik kanpoko petrolioaren etorkizuneko merkatuaren negoziazioan enpresarik handiena da. Egunkariaren arabera, Steve Perkins du izena negoziatzaile honek.

Joan den asteartean Brent petrolioaren prezioa 71 dolarretik 73,5era igo zen, urte osoan izan duen mailarik altuenera iritsita. Eta ordu batean 16 milioi upel baino gehiagorako etorkizuneko kontratuak sinatu ziren.

Kopuru hau Saudi Arabiako eguneko ekoizpenaren bikoitza baino gehiago da, eta beste edozein egunetan ordu horretan negoziatzen den batez besteko neurria -milioi erdia- erabat gainditu zuen.

Galerak

PVM Oil Associates enpresak «baimenik gabeko operazioen biktima» izan dela adierazi du eta galerekin itxi zituela petrolio kopuru handiko hainbat etorkizuneko kontratu. «Financial Times»en arabera, trader honek eragindako galerak 10 milioi dolarrekoak izan daitezke -7 milioi euro inguru-. Enpresak Britainia Handiko Finantza Zerbitzuen Agintaritzari (FSA) ezagutarazi dio gertatutakoa.

AEBetan egiteko bera duen erakundeak haserre agertu zen, ez zuelako informazioa berehala jaso. Lehengaien Etorkizun Merkatuko Batzordeak FSArekin elkarri informazio garrantzitsua helarazteko duen hitzarmena gogorarazi zuen. Gertatutakoari buruz hainbat burtsa operadorek esan dutenez, espekulatzaileak astearteko ezohiko jardueraren erdia eragin zuen. Beste erdia goranzko joera horretatik probetxua atera nahi zuten operadoreek bultzatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo