GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Patente patetikoak

Erresuma zaharretik dator notizia, lehendakaria izan dela bertan ikusia, idaztera noa ni jenioz bizia, izorratzeko alai dagoen guztia... tutu tutu tutututu. Hau kolpea! Gutxien espero duzun unean hasten dira arazo zaharrak konpontzen! Eta gutxien espero dituzun politikariengandik hasi ere! Azkenean sinistu beharko dut cambio demontre zer horrena, eta fededun bilakatu! Sinisten dot, sinisten dot, sinisten dogu Espiritu Santuaaa... Ama, ama! Haiek garaiak, domeka goizeko meza nagusiko kantenak, elizetan karaoke ez zegoenekoak! Tira, harira! Abako arazoak euskararentzat Erriberan, euskal uhinek ez dituzte berriro Noaingo aireportuko kontrol-dorreko komunikazioak trabatuko, orain arteko ezina ekinez egina dute oraingoan: habemus elkarlana! Aro berri baten abiapuntu izan da pasa den eguneko gailurra: lagunaro! seguru. Halako abiapuntua nahi izango luke beretzat Tourrak. Gatazka politikoak gainditzeko metodologia hau patentatu beharko lukete lehendakariak eta presidenteak, taiwandarrek made in china hartu baino lehenago. Palestinako frakzio antagonikoen arteko liskarrak aitaren batean konponduko lirateke metodologia honen bidez, nahikoa lukete israeldar bihurtzea. Amen. Aurrerantzean haize-fronte geldiak baino ez dira espero Euskadiko ekialdetik, eta euri-fronte lehorrak Navarrako mendebaldetik, eguraldi-mapa berrituaren ondorioz. Ez da baztertzen epe motzera elkarlan berria Pyrenees Atlantiquesera ere zabaltzea eta, hortaz, hego haizea heldu liteke hegoaldera iparraldetik. Hori ere patentatzekoa, gero! Eguraldi-mapa batek lurraldeen klima zelan aldatu dezakeen, horixe patente! Edo patetiko, nork bere hiztegia. Itxura batean, lehengo eguneko hartu-emanak oso klimax onean gertatu ziren, iturri fidagarriek edatera eman dutenez, bikotekideek preserbatibo konstituzionalez aritu baitziren gailurrean, ondo baino hobeto zekitelako biek ala biek zer duten preserbatzeko; ez inozentzia, prezisamente. Txupinazoa ere ei dute adostu; hortaz, ez diote Iruñeko txupinekoari zuhaitz genealogikoa exijituko, momentuz sikiera. Garoña ere adostu dute, berriztagarria izango da aurrerantzean! Energia ez, baimena! Patente ona hau ere! Nafar eliza bat etorri da. Jahvé gurtzen hasi zen eta bera ondarearen jabe dela ukatzen dutenak egurtzen amaitu. Jaungoikoa helbide, jaunbehekoak helburu. Patentea! Amen. Omen. Kawen!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo